Albisteak

Kolonbiar nasak Durangaldean hizkuntza lankidetzan

2018/01/11

Garabidek 2017ko urrian antolatu zuen Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari buruzko Ikastaldi Trinkoa pasa zen eta, segidan, lekukoa hartu zuen Kolonbiako Nasa herriko delegazio batek. Garabide elkarteak duela dozena bat urte lantzen duen hizkuntza lankidetzaren bidean, astebete eman zuten, urriaren 29tik azaroaren 6ra, Euskal Herrian 4 ordezkarik:

  • Saray Vitonas – Toribio eskualdeko Hezkuntza arduraduna
  • Laidy Pavi Toribio – Toribioko gobernadorea
  • Diego Yatacue - CECIDICeko (Centro de Educación, Capacitación e   Investigación para el Desarrollo Integral de la Comunidad) zuzendari orokorra.
  • Adolfo Witnas Ramos – Wassakkwewesx, murgiltze-eskoletako koordinatzailea 

Egonaldiaren helburua argia zen: euskararen biziberritze prozesua bertatik bertara ezagutzea eta, egoki ikusiko zuten moduan, Toribio eskualdean eraikitzen ari diren Nasa Yuwe euren jatorrizko hizkuntzaren biziberritze prozesua indartzea euskal esperientzia ezaguturik eta azterturik.

Ez genien aspertzeko tarte handiegirik utzi eta, bi hilabete baino pasa ez badira ere, oihartzuna izan du egitarauak:

  • Urriaren 30ean Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kultura Foru Diputatuarekin (Lorea Bilbao), Azkue Fundazioko zuzendariarekin (Jurdana Ormazabal) eta Euskara Zuzendariarekin (Ana Maria de Castro) bildu ziren lau nasak eta Garabide Elkartearen ordezkaritza. Aldundiaren euskara-plana ezagutu zuten eta euskararen biziberritzearen gako nagusiez ere hitz egin zuten.
  • Urriaren 31n, Durangoko Kurutziaga Ikastola bisitatu zuten, beraien webgunean azaldu zuten bezala. Bertan Kurutziagako arduradunek (Urko Rodriguez zuzendaria, Gotzone Duñabeitia Berrikuntza Pedagogiko Arduraduna, Karmele Arruti Irakaslea eta Erika Lagoma Irakaslea) Ikastolaren helburuak eta metodologia azaldu zieten nasei eta ikastolen prozesu historikoa ere. Irakasleekin hitz egiteaz gain, DBHko 4. mailako ikasleekin bildu ziren eta elkarren berri izateko. DBHko 4. mailako ikasleek indigenei eta Garabideko ordezkariei elkarrizketak egin dizkiete ikus-entzunezko tailerraren eginkizun bezala. Hementxe dituzue ikusgai (informazio gehiago beraien blogean):

- "BERPIZTEN ARI DEN HIZKUNTZA", egileak: June Belategi, Paule Bilbao eta Oinatz Garcia 

- "Bi hizkuntza, egoera bat", egileak: Irati Iglesias, Maider Unanue eta Unai Altuna.

- "Bi hizkuntza, bi borroka", egileak: June Azkarate eta Unai Ormaetxea

- "Bi hizkuntza sentimendu bera", egileak: Izaro Erzilla, Jon Barruetabeña eta Lore Sarasketa

- "HERRI TXIKI BORROKA HANDI", egileak: Libe Tubilla eta Marta Varona

- "BI herri borroka bat", egileak: Maddi Azkarate, Ane Martinez eta Mikel Garitaonandia

Egun berean Durangoko Udalak ere harrera egin zien, Aitziber Irigoras alkateak hartu baitzituen udaletxean (argazkia ANBOTO):

ANBOTOko zuzendari den Jone Guenetxeak astekarian euskara bultzatzeko egiten den lana azaldu zien (argazkia ANBOTO):

Iluntzean, Ikastoletako sortzaile izan ziren zenbait guraso eta andereñorekin mintzatu ziren eta ikastolen hasierako egoera eta baldintzak partekatu zituzten.

  • Azaroaren 1ean Rosa Elizburuk (Ibaizabal Ikastolako Ikastetaburua) 3 orduko mintegia atondu zuen Hezkuntza Planaz eta Hezkuntza Curriculumaz hitz egiteko. Mintegian, nasez gain, Maria Villar Udaleko Ongizate Teknikaria, Ane Ortega, BAM Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea, Arkaitz Zarraga, Basauriko Udal Euskaltegiko Zuzendaria eta Andoni Barreña izan ziren.
  • Azaroaren 2an AEKra bisita egin zuten, non Amaia Sarrionandia zuzendariak euskalduntze eta alfabetatzearen mugimenduaren historia eta helburuak azaldu zizkien. Amaieran, B1 mailan ari diren heldu-talde bateko ikasleekin hitz egin zuten, euskara heldu aroan ikasteko izan duten motibazioa ezagutzeko. 

    Eguerdian, Durangaldeko Mankomunitatea bisitatu zuten eta bertan Mankomunitateak euskara gazteen eta gaztetxoen artean bultzatzeko dituen ekimenak azaldu zitzaizkien. Durangaldeko euskararen egoeraz eta etorkizunaz ere hitz egin zen.

    Arratsaldean, Berbaro Elkartea bisitatu zuten eta Maite Berriozabalgoitia zuzendariak, Fernan Ruiz teknikariak eta Amaia Ugalde teknikariak hainbat ekimen azaldu zizkieten. Oso garrantzitsua izan zen Durangoko Udalaren euskara-planaren nondik norakoak ezagutzea, baita euskara ordenantzak eurek ere. Bisitaren berri El Correo egunkariak eman zuen gazteleraz (argazkia bertakoa):

  • Azaroaren 3an, goizean, Zabalarra Eskola bisitatu zuten. Izaskun Duñabeitia zuzendaria, Fatima Sarriugarte ikasketaburua eta Marisa idazkariak hartu zituzten eta eskolako Hezkuntza Planaren helburuak eta eskolaren antolamendua eta jarduera azaldu zizkiguten. Ondoren, Haur Hezkuntzako zenbait gela bisitatu zituzten. Amaitzeko, Lehen Hezkuntzako 4. mailakoekin izan zuten nasek eta ikasleek elkarri informatzeko saio bat. Zabalarra Eskolara egindako bisitan Garabideko Maialen Sobrino, Julen Larrañaga eta Andoni Barreña ere izan dira.

    Ondoren, Ibaizabal Ikastolako Haur Hezkuntza espezialitateko ikasleekin izan zuten ordu biko elkarrizketa. Saioan elkarren berri izan zuten ikasleek zein indigenek.

  • Azaroaren 5ean hiru orduko saioa izan zuten Garabide Elkarteko Jon Sarasuarekin (Mondragon Unibertsitatea), hizkuntzaren biziberritzeak eskatzen duen estrategia osoaren beharraz. Hizkuntzak zelan galtzen diren aztertu ondoren biziberritze prozesuan estrategiaz nola jokatu aztertu zen.

Bueltan joan ziren, beraz, nasa agintariak, baina ozeanoaren bi aldeetan geroz eta begi gehiago daude elkarri begira eta baita esku batzuk ere elkarri luzatuta.

 

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus