Albisteak

Kolonbian diplomatura hastear, CECIDICek eta GARABIDEk antolatuta

2018/06/04

Ekainaren 9ko asteburuan hasiko da GARABIDE Elkarteak, CECIDICekin batera, Kolonbian lehen aldiz antolatu duen “Hizkuntza biziberritzeko estrategietan diplomatura Nasa komunitatean aplikatuta”. Kolonbiako Cauca eskualdean 10 astez luzatuko da diplomatura eta 160 orduko formazioa jasoko dute nasa yuwe hizkuntza biziberritzearen alde jarduten duten 80 ekintzaile nasek.

Nola heldu gara honaino?

Nasa herria Kolonbiako hego-mendebaldean kokatzen da, Cauca izeneko eskualdean zehazki. Azken urteetan, nasa yuwe hizkuntza biziberritzeko prozesuan murgildu dira nasak eta lan bikaina egiten ari dira. Lorpen nagusien artean daude, besteak beste, bertako antolakuntza indigenak 40 kide liberatzea lortu izana “hizkuntzaren sustatzaile” (promotores de la lengua) bezala jardun dezaten, haurrentzat murgiltze ereduko eskolak zabaltzea eta, helduen alfabetatzeari dagokionez, azken hilabeteetan 500 pertsona inguruk izena eman izana nasa yuwea ikasteko klaseetan. Hain zuzen ere, hizkuntzaren biziberritzearen aldeko indar eta gogo hori pauso bat harago eramateko helburuarekin antolatu dugu elkarlanean datozen asteetako programa.

Aipatzekoa da hau dela GARABIDEk Euskal Herritik kanpo antolatzen duen dimentsio honetako lehen diplomatura. Orain arte, arlo zehatzei buruzko aholkularitza lanetan ibili gara Euskal Herritik kanpo egin ditugun lanetan, gure Bidaide programaren baitan. Euskal Herrian, aldiz, GARABIDEn bi urtetik behin antolatzen dugu Aditu Ikastaroa, hizkuntza aktibista indigenei zuzendutako 3 hilabeteko unibertsitate mailako formazioa eta parte hartzaileek euren komunitateetara itzultzerakoan ikastaroari lotutako proiektuak jartzen dituzte martxan. Orain arteko edizioetan 6 nasek parte hartu dute Aditu Ikastaroan eta, noski, 6 biziberritze proiektu landu dituzte. Horrez gain, 2017an martxan jarri genuen Ikastaldi Trinkoa, lider indigenei zuzendutako hizkuntzaren biziberritzeari buruzko formazioa eta horri esker nasa komunitateko bi kidek hilabete eman zuten Euskal Herrian. Aurrera begira ere, irailetik abendura bitartean, Aditu Ikastaroko aurtengo edizioan, beste 2 nasa izango ditugu Euskal Herrian hizkuntza biziberritzeko estrategiei buruzko formazioa jasotzen. Elkarren osagarri dira, beraz, Aditu Ikastaroa, Ikastaldi Trinkoa, Bidaide programa eta oraingo honetan Kolonbian egingo dugun Diplomatura, ertz desberdinetatik eragiteko tresnak.

 

Diplomatura barru-barrutik

Ekainaren 9tik abuztuaren 12ra bitartean burutuko da ikastaroa eta klase egunak asteburuetan izango dira. Modulotan banatuta, hizkuntzaren biziberritzearen alorreko adar ezberdinak jorratuko ditugu formazioan zehar eta ikastaroan parte hartuko duten 80 ekintzaileak hizkuntza biziberritzeko estrategia ezberdinetan formatuko dira. Horrez gain, material didaktikoa egiteko lan taldeak sortuko dira, ondoren praktikan erabiliko direnak, eskola edo “nasayuwetegietan” esaterako. Irakasle lanetan Aditu Ikastaroan formatutako nasak arituko dira nagusiki, baina baita Abya Yalako beste hizkuntza gutxituetako adituak eta Euskal Herrikoak ere. Hizkuntzari begira, nasa yuwez izango dira eskolak, irakaslea bertakoa ez denean izan ezik.

Caucako CECIDIC hezkuntza-erakundearekin batera antolatu dugu diplomatura eta sekulako ikusmina sortu da nasen artean. Aukera historikotzat jo dute formazio hau hizkuntzaren biziberritzearen alde pauso sendoak ematen jarraitzeko. GARABIDErentzat ere inflexio puntu bat dakar ikastaro honek eta ilusioz gainezka ekiten diogu aurrean dugun bide berriari, elkarrengandik ikasteko parada ezin hobea izango dugu datozen hilabeteetan.

 

Kolonbia eta Euskal Herriaren arteko zubi

Nasa komunitatean gertatzen ari dena, modulo bakoitzean lantzen ari dena eta, oro har, elkarlan honek pizten dituen argiak zabaltzeko hementxe izango dugu zita. Diplomaturak iraun bitartean bi astetik behin, astelehenero, bertako kronikak argitaratuz joango gara gure webgunean. Nasak, euskaldunak eta beste komunitateetako irakasleak, zein ikasleak izango dira gure kronikalariak. Facebook eta Twitter bidez ere caucatik datozen berriak zabalduko ditugu.

Hasi da atzera kontaketa, bost, lau, hiru, je'z, teeçx… bagoaz!

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus