Gordina izan da 2019a Kolonbiako Caucako Departamentuko bizilagunentzat, eta bereziki latza bertako indigenentzat. Hauxe da CRIC erakundeak (Consejo Regional Indígena del Cauca) azaroaren 12an eginiko balantzea: 68 hilketa, 179 mehatxu, 15 atentatu, 15 sarraski, 7 ekintza armatu babestutako lurralde indigenan, 6 eraso gogor, 6 gaztetxoren errekrutatze derrigortua eta gutxienez 200 gaztetxo errekrutatze arriskuan erakunde armatuen eraginpean.
Kolonbiako indigenek legez kudeatzen dituzten lurraldeetan badute lurralde-zaintzaren eskuduntza, eta berori gauzatzeko badute erakunde berezi bat, Kiwe Thegnas edo Zaintza Indigena, zein arma barik aritzen den, makila hutsez horniturik. Bada, aldi honetan Caucako Iparraldea eta Tierradentro eskualdeetan talde narkotrafikatzaileek eta FARCeko disidentziek hamaika mehatxu egin dizkiete indigenen erakunde, antolamendu eta komunitateei; besteak beste, 15 agintari eta zaintzaile armaz hil dituzte.
Urteak egin dituzte nasa indigenek euren lurraldea berreskuratu nahian. Garesti ordaindu dute mendeetako bazterkuntza eta zapalkuntzari duintasunez eta ausardiaz aurre egiteagatik. Ehunka eta ehunka nasa hil dituzte Kolonbiako era guztietako eragile armatuek CRIC erakundea 1971ean sortu zenetik. Eta, halere, aurrera egin dute urte latz horietan zehar euren ametsak ehuntzen, gizarte justuagoa eraikitzen, giza eskubideen alde borrokatzen, euren identitatea, kultura eta hizkuntza biziberritzen, ekitatea eskuratzen, eta, ama lurra errespetuz hartzen eta zaintzen. Hori guzti hori ausardiaz, hitzez eta odolez aurre eginez, senidetasuna eskainiz, bihotza zabalduz, eta bidean erori eta hil dituzten kideak lurrean ereinez. Eta beti, aurrera eginez, makurtu barik, etsi barik, itxaropenaz jantzirik.
Duque presidenteak Kolonbiako agintea hartu zuenean, bertan behera utzi zuen Santos presidenteak sinatutako bake hitzarmena. Kolonbiako gizarteak eta mugimendu indigenek makina bat ahalegin egin dituzte bake hitzarmena bete dadin, baina ez dute aurrerabiderik ikusi.
Guk, eskutitz hau sinatzen dugunok, ia hamar urte daramatzagu elkarlanean Caucako nasa komunitate indigenarekin, bereziki Caucako Iparraldeko Tuunxiwxu-Toribio inguruan, nasen hizkuntzaren biziberritzeko ahaleginetan.
Ezintasunean eta etsipenean itorik bizi gara azken lau hilabete hauetan gure lagunak hiltzen, mehatxatzen, jipoitzen, eraso egiten eta umiliatzen ari direnean. Tuunxiwxun dugun formazio teknologikoa bera ere eten egin behar izan dute segurtasunik ez dagoelako.
Horregatik guztiagatik, Kolonbian azaroaren 21erako mobilizazio orokorra deitu dute bertan bizi den bortizkeria egoeraren aurka eta bake hitzarmena bete dadin eskatzeko.
Guk ere geure ahotsa erantsi nahi diogu aldarrikapen horri eta horretarako gonbitea egiten diegu euskal herritarrei azaroaren 23an Oiartzuneko Egiar mairu-baratzean goizeko 11:00etan elkartzeko. Toki sakratu horretatik geure elkartasun mezua bidaltzeaz gain, ama lurra zaintzen duten ksxaw'ex-ei (izpirituei) ere gure senideen alde eskatuko diegu.
Adierazpenarekin bat egin dute:
- Asociación Colombia-Euskadi
- EH Bildu
- Elkarrekin Podemos Legebiltzar taldea
- Garabide Kultur Elkartea
- Gipuzkoako Foru Aldundiko Nazioarteko Lankidetza Zuzendaritza
- Mundubat Fundazioa
- Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra
- Oiartzungo Udala