Caucan aurrera eramaten ari den diplomatura dela eta lau emakume, nasa, maputxe eta kitxua herrietatik etorriak, elkartu ziren Toribioko babesgunean pasa den uztailaren 21 eta 22an, zer eta hizkuntzen biziberritzearekin lotutako gaien inguruan eztabaidatzeko, pentsatzeko, ideiak trukatzeko.
Hasteko, eskubideen ikuspuntutik, gure komunitateetan dauden desorekei buruz hitz egiteko beharra ekarri nahi izan dugu mahai gainera. Ama hizkuntzaren transmisore roletik haratago, zergatik da garrantzitsua generoari buruz hitz egitea hizkuntzen berreskuratze prozesuetan? Hiru herrietatik berresten dugu desorekek badirautela, horiek zailtzen dutela emakumeek eta gizonek aukera berdinak izatea komunitatean pertsonalki garatzeko. Hori dela eta, emakume gutxi gaude gidaritza eremuetan edo hizkuntzaren aldeko militantzian.
Ikastaroko parte hartzaileekin, beraz, desoreka honi buruz hitz egiteko tresna gisa baliatu dugu generoa eta baita gure herrietan sortzen ari diren feminismo anitzei buruz aritzeko ere. Aldi berean, jakitun gara gure hizkuntzak, mitoak eta kontakizun historikoak direla maskulinitatea eta feminitatea ulertzeko modu parekatuago baten testigantza eta memoria hori aktibatu behar dugula “tradizioaren” azpian normalizatuta dugun indarkeria gainditzeko. Gure hizkuntzek betebehar morala dute euren biziberritze prozesuetan emakume heldu, haur eta nerabeei eragiten dien errealitateari erreferentzia egiteko eta, horrekin batera, egoera gainditzeko estrategia desberdinak proposatzeko: neologismoak, kontakizunak, eztabaidak, partaidetza parekiderako estrategiak, etab.
Badirudi gaur egun jatorrizko herrietan dugun barne arazoetako bat dela familian elkarbizitzeko oinarrizko baloreen galera, adibidez osagarritasuna eta elkarrekikotasuna. Horren ondorioetako bat litzateke tullparen (lurreko suaren) inguruan hitz eginez zaharrek umeekiko dituzten transmisio ohiturak galtzea.
Bigarrenik, hizkuntzaren biziberritze esperientziaz jardun genuen, maputxe eta kitxua kasuak harturik, eta nabarmentzekoa da bietan erabiltzen direla komunikabide komunitarioak bai hedapenerako tresna masibo gisa, baita gure hitzkuntzaren posizionamendurako ere. Azkar batean kitxuak Imbaburako probintzian (gure sorlekuan) duen egoera azaldu eta irratiko frekuentzia eskuratzera eraman gituen testuinguru politiko-antolakuntzazkoaz aritu ondoren , Mariak azaldu zuen irratiko programazioak eta aldizkariaren edukiak ez duela balio izan soilik kitxua hizkuntzaren transmisioa errazteko, horrez gain hizkuntza bera aberastu dute eta bestelako ezaugarri identitarioak indartu dituzte.
Estrategia ugarik, esaterako programazio anitza eta leihaketak antolatzea bezalako bestelako pizgarriak, egin dute posible irrati komunitarioa erreferentzia kultural bihurtzea kitxua Otavalo herriarentzat. Horrekin batera hizkuntzaren prestigioa sustatu dute eta gainditzen joan dira diskriminazioari lotutako zenbait oztopo, tartean kitxua interakzio sozialaren eremu publikotik at uzten zutenak.
Bukatzeko, nasa eta kitxuekin konpartitutako etengabeko borroka eta erresistentzia historiatik mintzo zen maputxe herriaren ordezkaria eta mapuzugun hizkuntzaren berreskuratze eta helduen irakaskuntza esperientzia aurkeztu zuen. Barnetegiak alternatiba eraginkorra dirudite maputxe herriaren hizkuntza modu trinkoan ikasteko.
Diplomaturak iraun bitartean bi astetik behin, astelehenero, bertako kronikak argitaratuz joan gara gure webgunean. Nasak, euskaldunak eta beste komunitateetako irakasleak, zein ikasleak izango dira gure kronikalariak. Facebook eta Twitter bidez ere caucatik datozen berriak zabaldu ditugu. Orain arteko kronikak hemen daude irakurgai:
- 1go kronika: "Kolonbian diplomatura hastear, CECIDICek eta GARABIDEk antolatuta"
- 2.kronika: "Kultur ekoizpena lantzen"
- 3.kronika: "Sormena lantzeko bidean"
- 4.kronika: "Nasategia motore"