Diplomaturako 2. eta 3. moduluak landu ditugu ekainaren 13tik uztailaren 1. arte. Kultur Ekoizpena eta Idazketa Tailerra (alfabetizazioa).
Nondik abiatu?
Kultur ekoizpena, baina, Nasentzat zer ote da kultura?. Nasa Yuwez idazteko gaitasuna hobetzea, nondik abiatuta? Zein testutatik?
Aurretik lankidetzan jasotako eskarmentuak, Euskal Herrian ikasleekin egunerokoan egoteak dakartzan bizipenak eta ingurukoen iradokizunak hartu eta ekin diogu lanari. Etxean prestatutakoa zenbateraino baliagarri izango den jakin gabe eta gidoia, koherentziarik galdu gabe, etengabe moldatzeko prestutasunez.
Abiatzeko koordinazio taldea osatu, Aldemar eta Saddy hizkuntza dinamizatzaile Nasak eta hirurok gidatu ditugu lanak, baina alboan nabaritu dugu, Carlos, Dionisio, Omaira, Ikhz Un, Jhon Dario, Taurino, Mauricio, Genaro, Isaias, Julen, Andoni eta gainerako hizkuntza dinamizatzaileen babesa.
Lanaren oinarrian ekintza zuzena jarri dugu. Zein dira komunitateari interesatzen zaizkion testuak?. Testu horiek sortu eta komunitatera iristaraztea izan dira metodologiaren ardatza.
Horretarako Kultur ekoizpena eta idazketa tailerra moduloak uztartu eta nahasian landu dira. Testu sorkuntzaren inguruan kultura ekoizpenaren aurkezpen lehiaketa, kultura eta hizkuntza biziberritzeari buruzko hausnarketa pertsonal eta kolektiboak, euskal kultura eta beste kultura indigenen ekoizpenei buruzko analisiak eta modernitatea eta tradizioaren arteko erlazioaz aritu gara, eta espiritualtasunak orraztu ditu etengabean moduluetako jarduerak (euskaldunok ezer gutxi kontu horren inguruan).
Bideo motzak, informazio buletina, Nasa egutegiaren zirriborroa, Nasa hizkuntzaren biziberritzea sustatzeko kartelak, Nasa Yuwez lehiaketa, Nasa geografiari buruzko kartilla, sendabelarri buruzkoa, ehunei buruzkoa eta kantuak egiteko letra saila sortu dira, zehatzago esanda, material horiek sortzeko lehen pausuak eman dira moduluek iraun duten 3 astetan.
Ekitaldiaren amaierako sentsazioak onak izan dira, moduluen helburuak landu ditugu, eta diplomaturaren beste zeharko helburu batzuk ukitu dira. Alde batetik, Nasa Yuwea 3 aste hauetako laneko hizkuntza izatea lortu da (euskaldunekiko harremanean izan ezik) eta bestetik, hizkuntza dinamizatzaileek koordinazio ardurak hartu eta modu oso egokian bete dituzte (ahalduntzea?).
Honekin bukatzen da aste honetako kronika, aurrekoak hemen dituzu irakurgai, lehena zein bigarrena, eta gehiagorako gogoz gelditu bazara datorren uztailaren 23an argitaratuko dugu hurrengo kronika gure webgunean. Horrez gain, adi, Diplomaturari buruzko gure webguneko atal berezi honi eta gure sare sozialei, Twitter eta Facebook, bertan ematen ari baikara Kolonbia aldean gertatutakoaren berri argazki eta bideo bidez!