Hizkuntza gutxituak sasoian! Maputxeen mapuzugunaren aldeko martxarekin hasi genuen urtea, kaxubiarrek lekukoa hartuko dute martxoaren 18an eta gurean ez dabil urrunegi Korrika.
Kaxubiarren "Elkartasunaren Lasterketa"-ren bigarren edizioa izango da aurtengoa eta Władysławowo herrian ospatuko dute Kaxubiarren Aberri Egunaren bezperan, Kaszebsko Jednota elkarteak eta bertako udalak antolatuta. Hiru lasterketa egingo dituzte: haurrentzat 1238 metrokoa, hasiberrientzat 5 kilometrokoa eta aurreko edizioan erronka gogorragoa eskatu zutenentzat baita 10 kilometrokoa ere. Azken honetarako Władysławowo motz gelditu zitzaien, nonbait, eta ondoko herria, Chłapowo, zeharkatu beharko dute parte hartzaileek. Arratsalderako plana ere egina dute: marrazki lehiaketa gazteentzat eta antzerkia helduentzat. Dagoeneko 150 pertsonek eman dute izena, badira #BatZuk!