*Sortu berri dugun gune honetan Garabideren ardatzetako bat den BIDAIDE programen inguruko informazio zehatzagoa eman nahi dugu. Bidaide Programa jatorrizko hiztun komunitateak garatzeko lankidetza programa integratua da, hizkuntza plangintza integral bat egitetik abiatzen dena. Hilero hizkuntz komunitate baten Bidaide egitasmoaren berri emango dugu, AIMARA komunitatearekin hasi ginen eta KAQCHIKELekin jarraituko dugu.
Guatemalak 16 miloi biztanle inguru ditu eta errolda kontuetan erdiak baino gutxiagok jotzen du bere burua indigenatzat, horrek agerian uzten du bizi izandako mendeetako bazterketak asko eta asko auto-gorrotora eta jatorrizko identitatea ukatzera eraman dituela.
Guatemalan “K´ulb,il Yol Twitz Paxil –Academia de las Lenguas Mayas de Guatemala” erakundearen arabera 22 hizkuntza maia, xinca, garifuna eta gaztelania hitz egiten dira.
Kaqchikel komunitatea Guatemalaren baitan bizirik dauden 22 komunitate Maietako bat da eta “Atlas de las Lenguas del Mundo en Peligro “ txosteneko eskalaren arabera kaltebera (bulnerabilitate) egoeran dago.
Guatemalan indigenek, tartean Kaqchikelek, bizi duten egoera txarra da, ez-indigenek baino egoera kaxkarragoa bizi dute. Hona hemen datu gutxi batzuk:
- Pobrezia eta etnizitatea loturik daude. Indigenak ez-indigenak baino egoera pobreagoan eta behartsuan bizi dira. Indigenen %56 pobrezia egoeran bizi dira eta %22 pobrezia larrian.
- Hezkuntza eta osasun zerbitzuak eskasagoak dira landa-eremuetan hirietan baino, eta are eskasagoak indigenen lurraldeetan.
- Indigenen artean alfabetatze indizea %52koa da. Gizonezkoen %67 dira alfabetatuak eta emakumezkoen %42.
- Emakumeen bazterketa egoera nabaria da. Alde batetik, indigena izateagatik eta, bestetik, emakume izateagatik.
Lerro hauetan ez gara azterketa orokorretan sartuko eta hizkuntzaren arloari helduko diogu.
Gobernuak hizkuntza indigenak babesteko legeak eta ordenantzak onartu dituen arren, praktikan nekez eroaten ditu aurrera eta kontrako joera duela esan daiteke. Nabaria da, esaterako, Guatemalako unibertsitate publiko bakarrak estatutuetan duela indigenei gaztelania erakusteko misioa.
Testuingurua hori izanik ere, Kaqchikelek martxan dituzte beren hizkuntzaren aldeko hainbat erakunde, besteak beste:
- Fundación Kaqchikel
- Academia de las Lenguas Mayas de Guatemala (sección kaqchikel).
- FMRT (Fundación Rigoberta Mechú Tum)
- Red de centros de educación Ruk´u´x Qatidnamit.
GARABIDEk erakunde horiekin hartu-emanak ditu eta elkarlanerako arrazoiak honako hauek dira:
- Gainbehera oso handia pairatzen ari den hizkuntzari aurre egin.
- Kaqchikelek bete izan dute abangoardia paper moduko bat Guatemalako hizkuntzen aldeko lanean: lehenetakoak izan dira hizkuntzaren inguruko ikerketak egiten, baita unibertsitate maia sortzen ere eta gobernuko postuetan edo parlamentuan egon diren lehen indigena asko kaqchikelak izan dira.
- Kaqchikelak dira goi mailako ikasketa gehien duten Guatemalako indigenak.
- GARABIDEk antolaturiko Truke-Programaren lehen ediziotan Kaqchikel bat baino gehiagok hartu zuten parte.
Praktikan lan-arlo eta erronka nagusiak honakoak dira:
- Hizkuntzaren egungo egoeraren analisitik abiatutako hizkuntza plangintza integral bat egin.
- “Ruk´u´x Qatidnamit“ 4 eskola pribatuk osatzen duten eskola sarea indartu.
- Adin txikikoen murgiltze prozesua ahalbidetzeko irakasleak sentsibilizatu eta trebatzeko aholkularitza jarraitua eskaini.
- Eskola materiala sortu.
- Jatorrizko hizkuntzaren balioaz sentiberatu.
- Truke eta Aditu Tituluetako esperientzian parte hartu.