Brasildik heldu zaigu berria: Otsailaren 14an hil zen Acreko Rio Branco hirian, José Benedito Ferreira lider indigena, "Tui" gisara ezagutu genuena, 60 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.
Brasilgo Acre eskualdeko Huni Kui hizkuntza komunitateko lider inportanteenetakoa zen, eta 2018an izan zen Euskal Herrian Aditu Ikastaroan parte hartzen. Bertan, hizkuntzak biziberritzeko estrategiak eta euskararen biziberritze esperientzia jasotzeko aukera izan zuen, eta euskaldunok bera zein bere komunitatea ezagutzeko plazera eta ohorea. Besteak beste, hark erakutsi zigun "Kolibriaren Mitoa" ipuin zoragarria. Eredu izan zen bere lurraren, herriaren, kulturaren eta hizkuntzaren aldeko borrokan.
Huni Kui komunitateko buruzagi izateaz gain, 20 urte baino gehiagoz jardun zuen irakasle hezkuntza indigenan, eta ondorioz handia da bere komunitatean utzi duen hutsunea. Haizeak bere izena eramango du bere herriko baso eta ibaietan zehar eta bere memoria iltzatuta geratuko da herriko belaunaldi berrietan. Lurrak gozo har zaitzala, Tui!
Kolibriaren Mitoa (hizkuntza lankidetzan egiten dugun lana ederki irudikatzen duen ipuina)
Diotenez, basoa sutan desegiten ari zen, eta animalia
guztiak ere sutan galtzeko arriskuan zeuden,
baina ez zuten erreakzionatzen, hondamendiari
begira zeuden. Kolibri txikiak, oso kezkaturik, eta sugarrei
aurre eginez, errekara joan eta bere moko txikiarekin ur
pixka bat hartu eta sutara botatzen zuen. Jaguarrak hau
ikustean esan zuen: -zertan zabiltza kolibri txiki?-. Honek
arnasa hartu eta erantzun zion: -sua itzali nahian nabil-.
Jaguarrak esan zion ez zuela lortuko. Eta kolibriak, -ni
nire partea egiten ari naiz, denok berdin egingo bagenu,
bakoitzak berea egingo balu, sua itzaltzea lortuko genuke-.
Jatorrizko kultura bakoitzak aurre egiten dio suari bere
hizkuntza, bere identitatearen oinarria, desagertu ez
dadin. Jatorrizko hizkuntza bakoitzean esaten den hitz
bakoitza kolibriaren ur tanta bat da, eta esperantza
ematen digu gure ama lurra desegiten ari den suteari
aurre egiteko.
Huni Kuĩ, Brasilgo Amazoniako indigenak, Kolonbiako
Nasa herria, Ipar Afrikako berebereak, Euskal Herria,
Kurdoak, Nawatak, K’iche’tarrak eta Q’eqchi’tarrak,
Guaraniak, Kichwak elkartu gara, partekatu dugu, ehundu
dugu, bakoitzak bere partea egiten!
(Tuĩ Huni Kuĩ eta Mikel Mendizabal, Brasileko mito herrikoiaren egokitzapena)