Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren itxiera ekitaldia jasotzen duen ikus-entzunezkoa ondu du Garabidek; irriz eta aldarriz jositako ekitaldia lotura honetan dago ikusgai.
Iazko urriak 31 zituela burutu genuen itxiera ekitaldia Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan. Jai egun bezpera aukeratu genuen agur jaia egiteko, eta mexikarrek egunok “día de los muertos” bezala izendatu arren, justu kontrakoa aldarrikatzea izan zen ekitaldiaren jomuga, alegia, gure hizkuntza eta programa honetan egondako gainerako hizkuntzak bizirik daudela eta bizirik nahi ditugula. Hau horrela, zuhaitzetako hostoak bezalatsu, udazkenean Euskal Herrian lurreratu eta Garabideren sei asteko formazio programan parte hartu zuten munduko 13 komunitatetako 18 hizkuntza aktibistak izan ziren ekitaldiko protagonistak, Euskal Herriko hainbat erakunde eta elkartetako ordezkariekin batera.
Bi zati nagusi izan zituen Maiteder Sasieta eta Nerea Uriarte Garabideko kideek gidatutako ekitaldiak: protokolozkoa bata eta ludikoa bestea. Aurretik, baina, Ekuadorko Blanca Guaichico eta Miguel Ángel Carlosama kitxuek eskaini zuten sarrera ederra, dantza eta olerkia uztartuz, eta berau “guk ere hizkuntza guztiak maite ditugu” esaldiarekin borobilduz.
Lehenengo zatian, Gari Iturbe Aretxabaletako alkateak eta Iñaki Martinez de Luna Garabideko presidenteak hartu zuten hitza. Garik, euskal kantagintzako kantu entzutetsu zenbait baliatuz, euskararen egoera eta erronkak irudikatu zituen, eta hain zuzen “(euskararen) erabileraren atzerakada zein administrazio publikoan euskararen eskakizunaren aukako sententziak” ekarri zituen gogora, eta honen aurrean “izan gaitezen txori, hegan egin dezagun, heldu gaitezen txoko berrietara eta txoko zaharrak ere berreskuratu ditzagun” aldarrikatu zuen, dotore bezain zorrotz. Iñakik, aldiz, berezkoa duen lasaitasun eta patxadarekin, eskuzabaltasuna eta kolaboratzaile zein erakundeen ekarpena aitortzeaz batera, komunitate ezberdinen arteko lankidetzaren beharra goraipatu zuen.
Bigarrengo zatia, programa honen itxiera ekitaldietan ohikoa den antzera, opari-kate batekin hasi eta kantuan amaitu genuen, baina tartean dantza eder baten emankizuna ere izan zen. Opari-katean tokian tokiko hizkuntza eta kulturekin lotutako opariak ikusteaz gain, nork bere hizkuntzan adierazitako agur, txiste, kontu eta kantuak entzuteko plazera izan genuen. Mimoz partekatutako opari eta hitzek, etenezina dirudien oroitzapen eta elkarlan haria bihurtu zuten opari katea, irriz eta aldarriz josi zen ekitaldia, publikoaren esku-zartak ere horren adierazle.
Ez zen, baina, ekitaldia hor amaitu, eta aurreratu bezala, kulturarteko dantza fusio batekin segitu zuen jaialdiak. Yukatango hiru maiek ipini zituzten euren gorputz-atalak musikaren erritmora lehenengo, Rifeko amazigek segidan, euskaldunek ondoren, Argentinako guaraniak hurrengo, eta kurdistango kideak jatorri ezberdinetako dantzariek lagunduta azkenik. Mugimenduaren eta kolorearen beroa gailendu zitzaion une batez hitzen indarrari.
Eta amaitzeko, zelan ez, kantua. Bernart Etxepareren Kontrapas bertsoa oinarri hartuta sortutako kantuaren berrinterpretazioa. Euskaraz ez ezik, mapuzugunez, nasa yuwez, kitxueraz, guaranieraz, Yukatango maiaz zein Haitiko kreoleraz abestuz, eta euskararekin batera hizkuntza gutxitu oro sustatu beharra aldarrikatuz: “Euskara, jalgi hadi plazara!” Hizkuntza gutxituak jalgi bitez plazara!