Albisteak

Irakaskuntza eleaniztuna etorkinentzat

2015/01/01

2009ko azaroa.  Irakaskuntza eleaniztuna, “posiblea izateaz gain, onuragarria da norbanakoaren garapen kognitiboari eta hizkuntza gutxituen iraupenari begira”, ondorioztatu du Joaquim Dolz irakasleak Euskaltzaindiak antolatu dituen Etorkinak eta euskara gaia izan duten Jagon Jardunaldietan.

Eginkizun hori bideratzeko, hizkuntzen didaktikak eskaintzen dituen aukerak “ondo pentsatuak, ganoraz ikertu eta etengabe ebaluatuak izan behar dute”, irakaslearen iritziz.

Jardunaldi hauetan aztertu diren ponentzien ondorio nagusiak Akademiak berak laburbildu ditu.

Horien artean. haur etorkinek euskara ondo ikasten dutela nabarmendu dute Ibon Manterola eta Eider Lardizabalek. Ikasteko aukera hobeak izan ditzaten ordea etorkinak euskarara hurbiltzeak duen garrantzia azaldu dute, besteak beste Begoña Zestauk Sakanan egin duen azterketaren ondorioz. Hartarako “elkartzen gaituzten ikurretatik abiatu eta beraien kultura eta hizkuntzak aintzat hartu beharra”, azaldu du. Antzeko ondorioa Markina-Xemeinen, “lehendabiziko helburua euskararekiko jarrera ona lortzea” dio Iratxe Lasaren azterketak.

Baina lantegi hauetarako hausnarketa eskatu dute Xabier Aierdi eta Erramun Osak, “euskararen inguruan diharduten sektoreei ere euren oinarri teorikoak berrikusteko eskatu behar zaie eta, era berean, euskaratik oso urrun sentitu eta sentitzen diren sektoreei errespetu intelektuala eta jarrera dizplizentea abandonatu beharra ere eskatu behar zaie”, diote.

Jardunaldi hauei buruzko informazio osoagoa eta ondorioen txostena Akademiaren webgunean ikus daiteke.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus