2009ko apirila. Hilaren 11an Chimorén, Chapare eskualdean kokaturiko herrian, egindako ekitaldiaren bidez ekin dio bere ibilbideari UNIBOL Bolibiako unibertsitate indigenak. Urko Kolomo, Garabideko kidea Bolibian izan da UNIBOL unibertsitate indigenako inaugurazioan Hezkuntza Ministerioa gonbidaturik, bi erakundeok duten elkarlanerako akordioen baitan.
Ikastetxe, unibertsitate eta komunitate ezberdinetako kideak ordu luzetako bidaiaren ostean herriko hiribide nagusian bildu ziren. Goizean goizetik Bolibia guztitik etorritako pertsonek herriko kaleak kartel eta bandera ezberdinez bete zituzten. Evo Morales presidentea bera etortzekoa zen baina egun batzuk lehenago hasitako gose greba tarteko azkenean bideo konferentzia bidez eman zion ongi etorria unibertsitate berriari.
Presidentearen apustua
Presidentearen apustu pertsonala izan da hiru unibertsitate hauen sorrera. Oposizioan zegoela ere, MASeko talde parlamentarioak unibertsitate hauen sorrera bultzatu bazuen ere 8 urte igaro behar izan dira ametsa egi bihurtzeko. Chimorén Casimiro Huanca izenarekin Fakultate kechwa egongo da, Warisatan Tupac Katari unibertsitate aimara kokatuko da eta Chuquisacan Apiaguaiki Tumpa Fakultate guarania. Fakultate bakoitzean lau karrera eskainiko dira, bakoitzean aipaturiko jatorrizko hizkuntzan.
Bero zen Chaparén, 35º inguru eta eguzki bete betea. Dena den, gogoz itxaron zuen jendeak ekitaldiaren hasiera. Ministro eta ministro-ordeek, erritual indigenak eskatzen duen moduan, ekitaldia burutuko zen estadiorainoko ibilbidea oinez egin zuten jendearen txalo eta oihuen artean. Herri indigena ezberdinetako kideek euren musika bandak ekarri zituzten eta herri osoan bereiztu ezinezko garrasi eta musika doinuak nagusitu ziren.
Buruzagiei lorez eta koka hostoez eginiko girnaldak zintzilikatu zizkieten eta lore petaloak jaurti euren buruetara.
Ekitaldi historikoa
Saioa hiru fakultateetako ikasleen desfilearekin hasi zen, ordurako giro bikaina zegoen, ekitaldi historiko baten aurrean geunden seinale. Orain 50 urte indigenek ezin zuten herritako plazetara sartu, ezin zuten espaloitik ibili eta ezin zuten noski hezkuntzarako sarbiderik izan. 2009an ordea euren jakintza eta metodologiak berreskuratuko dituen, jatorrizko hizkuntzan garatuko diren hiru fakultateri ongi etorria ematen ari ziren. Momentu oro jallalla-jallalla!, [Gora euskaraz] Oihuak nagusi ziren.
Ekitaldian hainbat ministro eta mugimendu sozialetako kideek hartu zuten hitza. “Gure kultura gure hizkuntza modernizatu nahi dugu, gure gazteak hezi eta gure hizkuntzetan lan egin dezaten nahi dugu, gure gazteei guri ukatu zaigun unibertsitaterako bidea zabaldu nahi diegu, gure gazteak etorkizuneko garaietarako gure kulturaren baita prestatu nahi ditugu”,… bi orduz luzatu zen saioa.
Jarraian guztiak, herrian bertan baina 2 kilometrora dagoen Casimiro Huanca Chimoréko Fakultateko bidea hartu zuten.
Han erritual indigena guztiak gauzatu eta unibertsitate berriaren egoitza bisitatu zuten gelaz gela. Unibertsitate indigena baina modernoa izango da UNIBOL eta horren adierazle, ministroak berak probaturiko arbela birtuala edo Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko kideekin eta Garabide Elkarteko kideekin egindako bideo konferentzia eta eskola ordu birtuala.
Giro ezin hobean amaitu zen ekitaldia arratsaldeko laurak aldera ordurako herri indigenetako boluntarioek dagoeneko bertaratutako guztientzako prest zuten bazkaria. Ongi etorri UNIBOL! Bejondeizuela!