Albisteak

Ikastaldiaren bigarren kronika: estralurtarrak gu?

2019/10/15

Hizkuntza Gidaritzari buruzko Ikastaldia hasi eta astebetera lehen kronika egin genuen martxa baten lehen noten doinuan.  Oraingoan, hamabostaldiaren ikuspegian, bigarren astean metatu ditugun bizipen eta ikasbideak bilduko ditugu datozen lerroetan.

Aurrez iragarri bezala, Ikastaldiak hiru zutabe ditu: alde teorikoa edo hizkuntzaren biziberritzearen alor desberdinei buruzko klaseak aditu eta arituen eskutik, bisita didaktikoak edo euskararen alorrez alorreko biziberritze esperientziak bertatik bertara ezagutzea eta sentsibilizazio ekintzak edo herriz herriko topaguneak sortzea euskaldun eta munduko beste hizkuntzetako ordezkarien artean elkarrezagutza sustatzeko.

Bigarren aste honetan laukotea izan dugu alde teorikoan irakasle lanetan: Andoni Barreña eta Arkaitz Zarraga garabidetar eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrako kideak, Argia aldizkariko Pello Zubiria eta Patxi Baztarrika hizkuntzalari eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohia. Andoni Barreñak hezkuntzaren modulua landu zuen aste hasieran eta Arkaitzek helduen alfabetatzeaz jardun zuen, biak ala biak alor gakoak hizkuntzen biziberritze prozesuetan. Andonik Corpusa ere landu zuen jarraian, mantra gisa honakoa harturik: "hizkuntza guztiek dituzte hitzak sortzeko mekanismoak". Izan ere, sormena hizkuntzaren muinean jartzen du Barreñak, "zertarako da ba hizkuntza sortzeko ez bada?". Euskaltzaindiara egindako bisitan urratutako bidetik estandarizazioa izan zuen hizpide, baina estandarrik gabe hizkuntzaren biziberritzea ezinezkoa dela esan ondoren ñabardura bat gehitu zuen: "estandarrak ezin ditu inoiz ahozko aldaerak ordezkatu, aberastu egin behar ditu". Ondoren Pello Zubiria aritu zen hedabideek hizkuntza baten biziberritzean jokatzen duten rolaz, etxeari men eginez ezin Argiago: "Komunikazio proiektu baterako kazetariak konprometitua eta militantea behar du, protesta egiten duena. Irakurleak hizkuntza gutxituan irakurtzeko aukera izan behar du, horretarako zenbait irakurleri uko egin beharko badiogu ere". Euskal hedabideen atzera begirakoa maisuki egin ondoren aurrera begirakoa egin zuten elkarrekin munduko hizkuntza gutxituen plaza bilakatua zen Aretxabaletako ikasgelan, "gure hizkuntzan komunikatzea duintasun eta askapen ariketa minimoa da, gure hedabideek ezinbestean jartzen dute zalantzan hegemonia, eraldaketa sozialerako tresna dira" esan zuen Socorro Cauich yukatango maiak. Lekukoa Patxi Baztarrikak hartu zion hizkuntza plangintzari buruz aritzeko eta hasiera batean estandarizazioari buruzko zailtasunei erantzunez esan zuen: “hizkuntzaren estandarizazioa beti da prozesu zaila. Beti egongo dira desadostasunak. Baina denok sinisten badugu hizkuntza estandarizatzea ezinbestekoa dela, hori gabe ezin dugula aurrera egin, orduan lortuko dugu batasuna.” Solasaldiak aurrera egin ahala hizkuntza plangintzaren iparra markatu zuen honakoak: "Herritarren borondate eta kohesioan dago giltza. Herritar inplikaturik gabe ezinezkoa da hizkuntza politikek funtzionatzea. Hizkuntza baten prestigioa lantzea, hiztunaren prestigioa da finean". Moduluz-modulu, alorrez-alor, ikasitakoak pilatuta nabaria da taldean hizkuntzen biziberritzearen sarea ehuntzen ari garela.

Alde teorikoa osatzeko bisita didaktikoak ere egin ditugu bigarren astean. Helduen alfabetatzea lantzerakoan Arrasateko AEK bisitatu genuen eta euskara klase bat ere jaso zuen taldeak, hori bai euskara praktikoa! Hezkuntzaren alorra lantzen ari ginenean Eskoriatzako Luis Ezeiza Eskola Publikoan hartu gintuzten beso zabalik. Zur eta lur gelditu ginen bertan aniztasunaren kudeaketan egindako lanketarekin, zinez aberasgarria edukia eta forma, ikasleak aritu baitziren irakasle lanetan munduko ordezkari indigenekin. Bisita didaktikoa probestuz sentsibilizazio ekintza bat ere egin genuen bertako ikasleekin, bideoan ikusiko duzuen bezala. Hedabideen alorrean Berria egunkaria ezagutu genuen Iñaki Petxarroman kazetariaren eskutik eta iragandako bide malkartsuaz aritu zitzaigun. Tarte bat hartu genuen ostegunean Beasainera hurbildu eta Aitor Aldasoro alkatearekin hizketan aritzeko hizkuntzaren biziberritzean herri ekimenen eta instituzioen arteko elkarreraginaz, berak Mexikoko yukatango maia hizkuntzaren prozesua bertatik-bertara ezagutzen baitu. Ikastaldiko partaideek gidaritza profila duten heinean euren erantzukizunaz hausnartzera bultzatu zituen alkateak, herri ekimenak hauspotzeko, aktibazioa eragiteko hartzen dituzten erabakiei buruz, hain zuzen ere. Astea bukatzeko, lan alorra eta euskararen biziberritzea non batzen diren ikusteko COPRECI kooperatibara hurbildu ginen eta bertan Jaime Bengoa Kontseilu Errektoreko kideak kooperatiban bertan euskara planak nola sortu eta bilakatu diren azaldu zigun, egun Mexikoko TOSEPAN kooperatiba taldean nawat hizkuntzarentzat erreferente den esperientzia.

Ikastaldiko partaide den Miguel Calapi kitxuak dio naturarekin harremana galdu ahala, lurretik geroz eta gehiago bereiziz, estralurtarrak bilakatzen ari garela. Guaraniek, aldiz, euren hizkuntzan negar egiten ez dakitela dagoeneko, garai batean dolua arintzeko doinu bat kantatzen baitzuten batera, egun galtzeko zorian dagoen negarra. Euskal Herrian estreinakoz ikusi eta bizi(ko) dituzte partaideetako batzuk itsasoa eta udazkena, euskaldun gehienok normaltzat ditugunak, gure normalizazio prozesuko hainbat alorren gisan. Euskaldunak zuzenegiak omen gara hizketan, ez omen dugu hitz egiten barraskiloaren oskolaren norabidean, baina akaso hasi gara ordezkari indigenek esan nahi digutena zertxobait ulertzen. Udazken betean, Euskal Herriko natura ezin biziago dugun honetan, ispilu bat jarri digute aurrean geure buruari galdetu diezaiogun estralurtar izan nahi dugun, doinurik gelditzen ote zaigun elkarrekin abesteko, izan dolua arintzeko edo pozak elkarbanatzeko. Barraskiloaren oskolaren bidetik etorriko da erantzuna.

Ez dira iragan alferrik bi aste, honaino hitzetara ekartzen asmatu dugunaren kronika. Gogoratu hedabideetan ditugun agerpenen zerrenda osatuz goazela, blogean Ainhoa Moron ari dela jarraipena egitenTwitter eta Facebooken #Ikastaldia2019 traolan ari garela zuzenean ematen gertatutako guztiaren berri eta agendan bildu ditugula datozen egunetarako hitzorduak. Kronikak, idatziz eta bideoan, astelehenero izango dituzue webgunean, hirugarrena datorren urriaren 21ean.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus