Martxan da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatutako HIBIL proiektua, Herri Indigenen Hizkuntzen Biziberritze Estrategiak Indartzeko 1. Lankidetza Sarea.
Pandemia dela eta, pasa den urtean, Garabiderekin elkarlanean jarduten duten Hegoko erakundeetako hizkuntza aktibistek on-line burutu behar izan zuten formazioa. Egoera zertxobait hobetu dela eta, era mixtoan planteatu ahal izan dugu 2021 eta 2022an zehar garatuko den HIBIL proiektua: partaideak on-line formazioa burutzen ari dira orain, eta Euskal Herrian egonaldia egingo dute 2022ko martxoan.
Erdi eta Hegoamerika eta Ipar Afrikako 12 hizkuntza komunitatetako 21 hizkuntza aktibista (17 emakume eta 4 gizon) ari dira parte hartzen on-line formazioa eta Euskal Herriko egonaldia uztartzen dituen formazio proiektu hibrido honetan. Hizkuntza biziberritzeko estrategien inguruko edukiak landu eta beraien komunitateetan garatzeko proiektu baten diseinuan aplikatuko dituzte, Euskal Herrira bidaiatu eta euskararen biziberritze esperientzian esanguratsuak izan diren erakunde edo ekimenak bertatik bertara ezagutu eta proiektuen diseinuak Euskal Herriko aditu edo erakunde desberdinen aholkularitzarekin borobiltzearekin batera.
Formazioarekin paraleloan, hizkuntza biziberritzearen eta emakumeen ahalduntzearen prozesuen arteko lotura aztertzeko gogoeta saioak burutzen ari dira partaideak, eta prozesuaren amaieran hausnarketa horiek ezagutaraziko dira.