Albisteak

“Hizkuntzak eta generoa ez daude aparte, sekula”

2018/10/24

Aurreko ostiralean Garabidek  “AHALDUNTZEN: hizkuntza eta generoa” izenburupean Mondragon Unibertsitateko Bilbao Berrikuntza Faktorian antolatutako lan-saioek (goizez) eta mahai-inguruak (arratsaldez) aurreikuspenak bete dituzte eta dinamika iraunkor baten abiapuntu izan nahi dute hizkuntzaren aldeko aktibismoa eta emakumeen ahalduntzea lotzeko. Kronika honetan mahai-inguruan landutakoaren berri emango dugu.

Artikuluaren izenburuan jaso dugun esaldiarekin bukatu zuen Lorea Agirrek, galdera-erreguei ekin aurretik, bere hitzartzea. Esaldi  borobil horrek ederto asko laburbiltzen ditu mahai-inguruan  plazaratutako  bizipen eta iritziak. Iraitz Agirrek gidatuta bildu ziren mahaiaren bueltan  4 hizlari, 3 kontinentetako hizkuntza komunitateen ordezkari: Suna Altun aktibista kurdua, Yazmin Novelo Mexikoko yukatango maia hizkuntzaren aldeko aktibista eta euskaldunen artean Txerra Rodriguez soziolinguista eta Lorea Agirre antropologo eta kazetaria. Ate zahar baten sarrailatik begiratzen dugunean bezala, munduko txoko ezberdinetan hizkuntza gutxituen biziberritzearen alde lanean ari diren emakumeen egoerara hurbiltzeko aukera izan genuen, gutxitan gertatzen den bezala, beraien ahotik entzun baikenuen non eta nola gurutzatzen diren generoaren eta hizkuntzaren zapalkuntza.

Hasteko, Iraitz Agirrek puntua bota zien, errima eta doinu librean bertso bana osatu zezaten: “berdin erabiltzen al ditugu emakume eta gizonek hizkuntza hegemonikoa eta hizkuntza gutxiagotua?” Ezetz erantzun zuten guztiek, baina errealitate desberdinen isla izan ziren kasuan-kasu aletu zituzten ñabardurak.

Ondoren, Suna Altun aktibista kurduak ekin zion banakako hitzartzeei eta Turkiaren menpe  bizi diren kurduen egoeraren berri eman zigun. Kurduen artean oso ezaguna den Jin, Jîyan, Azadî  leloarekin hasi zen, hitz bat gehitu eta Jin, Jîyan, Azadî û Ziman (euskaraz “Emakumea, Bizitza, Askatasuna eta Hizkuntza”) lelo eraberrituarekin hasi zuen aurkezpena. Fokua jarri zuen kurduek, emakumeek bereziki, bizi duten estatus linguistikoan eta egoera aldatzeko emakume kurduek dituzten helburuetan, nahiz  helburu horiek lortzeko indarrean dituzten borroketan. Bere parte-hartzea bukatzeko lehenetsi beharreko 3 arlo aipatu zituen: hezkuntzan eta eremu publiko guztietan hizkuntzari balio handiagoa ematearen beharra,  hizkuntza biziberritzeko eta emakumeen ahalduntzerako estrategiak batera bideratzea eta etxean hizkuntzaren transmisioaren erantzukizuna aitarena bezainbeste amarena izatea. Azken iradokizun horren harira, mahai-inguruan behin baino gehiagotan aipatu zen “ama hizkuntza” terminoaz jardun zuen Suna Altunek, publikoaren ekarpenetan horren ordez “etxeko hizkuntza” erabiltzea proposatu zen, baita “lehen hizkuntza” edo bestelako terminoen beharra aipatu ere, adibidez, etxeko hizkuntza eskolaratze hizkuntzarekin bat ez datorren kasuetarako.

Munduari bira eman eta Mexikora jauzi egin genuen gero. Yukatango maia hiztun eta hizkuntza aktibista den Yazmin Novelok komunitateko 22 emakumerekin egindako tailerretako hausnarketen berri eman zigun. Besteak beste, galdera honi erantzuten saiatu ziren: “Aktibismo linguistikoak zein neurritan  bultzatzen du mundu justu eta ekitatiboagoa?” Eta bi ondoriotara ere heldu zen emakume taldea: batetik, aktibismo linguistikoak tresna bat izan behar duela munduan izateko modu ugari barne hartzen dituen bizimodu bat eraikitzeko eta, bestetik, aktibismo linguistikoaren bidez justizia sozialerako tarteak bilatu behar direla. Noveloren hitzetan gizarteko botere harreman desorekatuen ondorioz emakumeek eta hizkuntza gutxituek partekatzen ditugun zapalkuntzei batera aurre egiten ikasi behar dugu, finean hegemonia linguistikoak edo generoari dagozkionak hegemonia kulturalak ere badirenez, gure helburua ezin baita mugatu hizkuntza gutxituen erabilera eremuak berreskuratzera edo dagozkien espazioetan emakumeen presentzia bermatzera.  

Euskaldunek hartu zuten lekukoa jarraian eta Txerra Rodriguezek bere hitzartzea datuetan oinarritu zuen. Hasteko, ondoko datuak jarri nahi izan zituen aurrez aurre: Euskal Herriko datu aitortuen arabera emakumeak eta gizonak parra daude ezagutzan, baina kale erabileran adin tarte guztietan emakumeek gehiago darabilte euskara eta euskaltegietan eta berba-lagunetan ere emakumeak dira nagusi. Datuok mahai gainean jarri ostean ikerketa batzuen ondorioak aurkeztu zizkigun eta horien arabera amaren hizkuntza identitateak aitarenak baino pisu handiagoa du. Bestalde, ikerketek diote emakumeak beranduago hasten direla hizkuntza nagusia ikasten, baina azkarrago ahazten dute euren jatorrizko hizkuntza. Honen guztiaren aurrean, noski, zalantzak gailendu ziren eta horrela laburbidu zituen Txerra Rodriguezek: batetik, euskararen biziberritzea emakume eta haurren bizkar utzi da hein handi batean, hau da, jendartean botere gutxien duten kolektiboetan eta, bukatzeko, honako galdera bota zuen: hizkuntza baten erabilera feminizatzen bada, ez al du automatikoki balioa galtzen?

Azken hitzartzea Lorea Agirrerena izan zen, laburra bezain. Kronika honen izenburua bere aipua denez, bere hitzaldia laburtzeko hemen bildu ditugu izenburugai izan diren Lorearen beste aipu batzuk: “Hizkuntza arteko harremana botere harremana da. Hizkuntza eta generoa ezinbestean nahastuta daude”, nabarmendu zuen egiten dugun oro egiten dugula garen horretatik, bai sexu-genero sisteman, baita hizkuntzan ere. Ildo horretatik  esan zuen “ni pertsona bera naiz, ez %60 feminista eta %40 euskaltzale, militantzia batzuk aipatzearren… dena batera doa”. Gainera, ahalduntzeari begira nabarmendu zuen “ez gara gauza bakarrean ahalduntzen, pertsona gisa ahalduntzen gara, gauza guztiak lotuta doaz” eta horren adibidetzat, boteretze ariketatzat, jo zuen Euskaraldia. Bukatzeko, botere harremanak eraikiak diren heinean deseraikiak izan daitezkeela utzi zuen mahai gainean eta horretan kolektiboki jardutera dei egin zuen.

Kronika labur honetan ezinezkoa da bi orduko saioak eman zuen guztia jasotzea, baina ekintza isolatua izatetik urrun testuinguru zabalago batean kokatzen ditugu jardunaldiok eta, aurrera begira, hizkuntza lankidetza egitasmoen baitan sakonago lantzeko abiapuntua izan dira. Zapalkuntza anitzek ahalduntzeko estrategia anitzetara garamatzaten heinean jarraituko dugu elkar ezagutzeko, elkarri entzuteko eta esperientziak trukatzeko espazioak irekitzen.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus