Ekuadorreko Otavalo udalerriko Gonzalez Suarez parrokian hizkuntzak biziberritzeko ikastaro batekin hasi dute urtea Sisariyko lagunek, tokiko gobernuaren eskariz. 2021ean Garabidek, Sisariyk eta AJKIk elkarlanean egin genuen diplomaturan, bertako agintari batek hartu zuen parte, eta bere ekimena izan da lurraldeko ekintzaileentzat ikastaro laburra antolatzea. Besteak beste, herriko irakasle, arduradun publiko eta lider indigenak ari dira parte hartzen, hizkuntzak biziberritzeko gako orokorrak eta estrategia nagusiak ezagutzeko.
Ikastaroaren zatirik handiena Sisariyko kideak eurak ari dira ematen, aurrez aurre, urtarrila eta otsaila bitartean. Horrela, partaideek kitxua hizkuntzaren historia eta egoera soziolinguistikoa ezagutu dituzte, ahalduntze linguistikorako tailerra egin dute, gizarte mugimenduek hizkuntza-biziberritzean duten garrantziaz hausnartu dute, eta abar.
Euskal Herriko irakasleen partaidetza ere izan dute, online. Urtarrilaren 14an Jon Sarasuarekin izan zuten saioa, hizkuntzak galtzeko arrazoiez eta biziberritzeko estrategia nagusiez hausnartzeko. Bi aste geroago, berriz, Patxi Baztarrikak euskararen alde azken hamarkadetan egindako lanaren berri eman zien.
Ikastaroarekin amaitzeko, partaideek talde dinamika bat egingo dute, haien lurraldean kitxua biziberritzeko estrategia eta neurri zehatzak proposatzeko. Hurrengo albistea martxan jarritako ekimenen ingurukoa izan dadila!