Nazio Batuen Erakundeak 2019. urtea Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu du. Testuinguru horren haritik eta apirilean KORRIKA 21 izango dela baliatuz, hizkuntza indigenen premia eta etorkizuna aldarrikatzeko helburuarekin bi indarrok uztartzeko, besteak beste, ekimentxo hau aurrera eramango du Garabidek honako entitate hauekin elkarlanean: UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra, PEN Kluba, Orioko Kichwa Otavalo elkartea eta Nafarroa Oinezeko Txikiak Handi ekimena.
Apirilaren 5ean, ostirala, 11:45an eta Cadreitatik Alesbeserako bidean (Tuteraldean) Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtearen 3 kilometroak (211, 212 eta 213) egingo ditugu hizkuntzen biziberritzearen alde lanean gabiltzan eragile desberdinek. Kilometro horietan lekukoa eramateaz gain hizkuntza indigenen aldeko aldarria egingo dugu ahalik eta modu ikusgarrienean: bertsoen, kartelen, etabarren bidez “HIZKUNTZA INDIGENAK KORRIKAN” leloa zabalduz. Aldarrikapen hori gure komunikazio kanaletan zein komunikabide orokorretan ager dadin hainbat lan egingo da.
Ekimenean parte hartuko dugun guztiok, 11:00an elkartuko gara 211. kilometroan eta bertan xehetasun guztiak emango dira.
Ekimenak “izaera masibo”-rik ez badu ere, talde esanguratsuak parte hartzea dugu helburu. Hori dela eta, lerro hauen bidez, ekimenean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.