Garabide elkartearen, Easo Politeknikoaren eta EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco-Katedraren arteko elkarlanaren ondorioz argitaratu den liburua Garabideren webgune honetan eskuratu dezakezu.
Liburuak komunitate ezberdinetan kultura hitzak dituen esanahi ezberdinak adierazi nahi ditu, testuen eta marrazkien bidez. Bertan jasotzen diren kontaketak galtzeko arrisku larrian dauden 11 hizkuntzetan daude idatzita, komunitate bakoitzari dagokion hegazti txiki bati lotuta, metaforikoki errepresentatuz.
Lehendabiziko ipuina kolibriaren mitoari buruzkoa da. Mitoan, hegazti horrek bere mokoarekin sute bat itzaltzen ahalegintzen da oihanean dauden beste espezie guztiek ihesari ematen dioten bitartean. Lotura horrekin hurrengo ipuinei sarrera ematea da helburua.
Argitalpen honen zergatia ulertzeko, beharrezkoa da hizkuntza-ekologia terminoa ezagutzea: hizkuntzak eta bere ingurunearen arteko harremanez ikasketa bezala ulertzen da, eta estuki lotuta dago ekologia indigenarekin.
Ekologia terminoa, osotasunean hartuta, ez da biodibertsitatearen murrizketaren adierazgarri garrantzitsu bakarra. Mundu mailan aurkitu daitezkeen hizkuntzak aztertuz ikus daiteke ekosistemak zaintzeko konpromiso maila handiagoa dagoela hizkuntza indigenak dauden lekuetan.
Bi ekologia eredu horiek alderatuta, esan daiteke, munduan dauden 6.000 hizkuntzen artean, erdia baino gehiago galtzeko arrisku larrian daudela, biodibertsitatean espezieekin gertatzen ari den bezala.
Nahiz eta natura eta kultura hein batean bat eginda dauden Nazioarteko 2030 agendak bere Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) artean ez ditu hizkuntza eta kultura indigenak sartu. Horregatik sortzen da komunitate horiek ikustarazteko beharra. Liburu hau behar horri erantzuteko ekimen gisa ulertu behar dugu.
Liburua Garabideren webgunean eskuratu dezakezu: debalde formatu digitalean eta formatu fisikoan nahi baduzu 5 €tan (gehi bidalketa gastuak).