GARABIDEk eta EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak antolatutako erakusketa honek euskal herritarrei bi kontu jakinaraztea du helburutzat. Batetik, kooperazio linguistikoa nola ulertzen dugun adieraztea, zein balio, zein garrantzi eta zein aukera dituen. Bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea, haien sentipenak eta sentiberatasunak ezagutu ditzagun.
Erakusketara hurbiltzen den bisitariak hainbat kontakizun aurkituko du bertan, bakoitza hizkuntza batean eta bakoitza mundu batera hurbiltzen gaituen irudi batez lagunduta, indigenen hitzak eta indigenen begiradak islatzen dituzten paneletan bilduta.
Munduan dauden hizkuntza gutxituen lagin bat besterik ez dute osatzen testuok. Hain zuzen, 2018 urtean Aretxabaletan Garabide Elkarteak eta HUHEZIk antolaturiko Aditu Ikastaroan parte hartu zutenak. Galzorian dauden hizkuntzak dira gehienak; bizirik irauteko zailtasun ugari dutenak eta, sarritan, gatazkaz inguratutako gizartean daudenak, baina irauteko gogo biziz daudenak.
Kolibriaren mitoa abiapuntu hartuta prestatutako liburuxkaren emaitza dira erakusgai dauden irudiak eta narrazioak. Horietako batzuk, gainera, QR kodearen bidez entzun daitezke.
Maiatzean ekin genion erakusketa ibiltariari eta Aretxabaletako Arkupe kultura-etxean- egon ondoren, ekaina osoan Barañaingo liburutegian izango da.
Urte amaiera arte honako leku hauetan izango da ikusgai erakusketa:
- Durango ( irailaren 6tik – 30era)
- Elorrio (urri osoa)
- Oiartzun (azaroa 1etik - 21ra)
- Donostia (Easo politeknikoa) (azaroaren 22tik - abenduaren 8ra)
- Orio (abenduaren 9tik – 23ra)
2022an jarraituko dugu egitasmoarekin. Emango dugu horien guztien berri zehatza.