Azaroaren 22 eta 23an hizkuntza gutxituetako itzulpengintza eta interpretazioa hizpide duen topaketa birtuala antolatu du Garabidek Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatearekin elkarlanean. Helburua euskararen eta komunitate indigenen esperientziak ezagutu eta biltzea da. Gainera, bertan ematen den esperientzia trukea idatziz jasoko da eta txosten hori helduleku izango dugu bidean aurrera egiteko.
Topaketa hauek batura baten emaitza dira. Batetik, Garabide Elkarteak hizkuntza lankidetza du jardunbide. Hau da, hizkuntza gutxituen arteko zubiak eraikitzen ditu biziberritze prozesuak bultzatzeko. Bestetik, itzulpengintzak eta interpretazioak berezkoa dute hizkuntzen arteko zubigintza lana. Bi lan arlo horiek uztartzen baditugu begi-bistakoa da erronka handiak daudela hizkuntza gutxituei dagokienez.
Komeni da gogora ekartzea hizkuntza eskubideak giza eskubide gisa aitortuta daudela eta luzea dela hizkuntza eskubideen aldeko ekimenen zerrenda. Oraintxe martxan daudenen artean aipatu genitzake UNESCOren 2022-2032 Hizkuntza Indigenen Hamarkada, Europan Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa eta Euskal Herrian Hizkuntza Eskubideen Behatokia, esate baterako. Hala eta guztiz ere, lan handia dago oraindik egiteke eta topaketen bidez bereziki erreparatu nahi diogu bide horretan itzulpengintzak eta interpretazioak egin dezaketen ekarpenari.
Izan ere, komunitate indigenetan giza eskubideen gaia oso presente dago, baina eskubide horiek maiz ez dira hizkuntza eskubideekin lotzen. Ofizialki, hizkuntza indigenak erabiltzeko eskubidea Nazio Batuen Herri Indigenen Eskubideei buruzko Adierazpenean jasota dago eta bide beretik jarraitu da Ameriketako herrialde askotan hizkuntza indigenen aitorpenerako legeak onartu direnean. Dena den, egunerokoan gutxitan bermatzen dira hizkuntza gutxituetako hiztunen hizkuntza eskubideak justizian, osasun zerbitzuetan eta, oro har, administrazioetan. Euskaldunok antzeko egoerak bizi ditugu maiz, baina komunitate indigena askoren egoera are larriagoa da jatorrizko hizkuntzako elebakar asko dituztelako. Horien kasuan, hizkuntza eskubideak bermatzen ez bazaizkie, hau da itzultzaile edo interpreterik eskaini ezean, erabat babesgabe uzten dira osasun, justizia edo bestelako administrazio prozeduretan.
Hain zuzen ere, hizkuntza eskubideak bermatzeko bideetako bat itzultzaile eta interpreteen lanaz baliatzea da (administrazioan, batzarretan, ekitaldietan...). Ia oharkabean pasatzen zaizkigu, baina funtzio garrantzitsua betetzen dute euskararen erabileran, baita komunitate indigenetan ere. Hain zuzen ere, esperientzia horiek aletuko ditugu datorren azaroaren 22 eta 23an, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatea izango dugu lagun antolaketa eta alderdi teknikoetan eta Gradu Aretoan, Gasteizen bertan, egongo gara bilduta jardunaldiak gidatzen. Online parte hartzeko hauek dira estekak: