Nafarroako Ikastolen Elkarteak Nafarroa Oinezen baitan urtero garatzen duen proiektu iraunkorra da “Txikiak Handi”. Munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzeko eta haien arteko zubiak eraikitzeko sortu zen, Nafarroa Oinez besta bidelagun. Batetik, ikastaurtean zehar proiektuak garatzen dituzte urte horretan Nafarroa Oinez antolatzen duen ikastolak eta beste hizkuntza gutxitua duten komunitateen artean eta, bestetik, manifestuaren atxikipenak biltzen dituzte Txikiak Handin.
Sakanan abiatutako proiektua da eta Altsasura bueltatuko da aurten, Nafarroa Oinez bertan ospatuko baita. Horren harira ikastolaren ospakizunaren bezperan Txikiak Handik ekintza berezi bat antolatu du: urriaren 20an “Txikiak handitzen: hizkuntza gutxituetako hedabideak munduan” izenburupean topaketarako deia egin dute Altsasuko Iortia kultur gunean. Hizkuntza propioan jarduten duten zenbait hedabideren esperientziak ezagutuko ditugu, tartean Garabidek antolatzen duen Aditu Ikastaroaren 2013.urteko edizioko parte hartzailea izan zen Yazmin Novelo, Yúuyum irratiko esataria eta urte luzez yukatango maia hizkuntzaren biziberritze lanetan ari den aktibista garabidetarra.
EGITARAUA
9:30-10:30 “Hizkuntza gutxituetako hedabideen egoera Europan”
Johan Haggman Hizkuntza gutxituen inguruan Europako Batzordean 10 urtez lanean ibili da Hizkuntza Gutxituen Batzordean eta Eleaniztasun batzordean.
10:30-11:30 “Euskal hedabideak: iragana, oraina eta geroa”
Idurre Eskisabel kazetaria, antropologoa eta EHUko irakaslea eta Juan Kruz Lakasta, Euskalerria Irratiko kazetaria
11:30-12:00 Atsedena
12:00-14:00 “Munduan barrena, zer?”
- Mexikotik Yazmin Novelo garabidetarra, Yúuyum irratiko esataria
- Galesetik Elin Haf Gruffydd Jones, Social Media and Minority Languages
- Irlandatik Rónan Mac Con Iomaire, RTÉ Irlandako Irrati-telebista kate publikoko gaelera arduraduna
EZTABAIDA IREKIA