Jolasean eta sukaldean, giro paregabean itxiera borobila eman diote ikasturte osoko lanari Munduko hizkuntza gutxituak protagonista EAEko hezkuntza komunitateen eraldaketan proiektuan parte hartu duten ikasleek. Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolako, Araia Herri Eskolako eta Bilboko IES Unamuno BHI ikastetxeko ehunka ikasle eta hainbat irakasle izan dira proiektuaren aktore nagusiak, Garabideko lantaldeko eta Soziolinguistika Klusterreko kideak bidelagun izan dituztelarik.
Garabidek, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak diruz lagundutako proiektu honekin, elkartearen hirugarren lerro estrategikoa indartzen dihardu, euskal gizartearen sentsibilizazioa eta aktibazioa xede. Proiektuaren baitan ikastetxeekin egin den lanaren helburu nagusia hizkuntza gutxituei buruzko eta munduko hiztun komunitate eta herri indigenen inguruko kontzientzia kritikoa sustatzea izan da, distantzia luzeko begirada eginaz munduko txoko ezberdinetako hiztun komunitateei, eta, distantzia laburrekoa ikastetxean zein herrian aurkitzen diren hizkuntza eta kulturei.
Horretarako, urte osoko ekintza sorta burutu da ikastetxe hauetan, sentsibilizazio saioetatik haratago, ikasleen ekiteko gaitasunean eragitea bilatu delarik. Egindako ekintzen artean, Caucako Nasa herriko Luis Alberto eta Kaqchikel komunitateko Aura Marinaren egonaldia nabarmendu dute ikasleek zein irakasleek eta Garabideko arduradunek, beste kultura eta hizkuntza batzuk aurrez aurre ezagutzeak dakarren aberastasuna eta zirrara oinarri. “Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen” erakusketak ere izan du bere tokia, komunitate ezberdinen kosmobisio eta kulturak ezagutu zein hizkuntzen egoera ezagutzeko. Era berean, nabarmentzekoa izan da ikasleek sorturiko jolasak eta errezeta liburuak, non hizkuntza eta kultura ezberdinei buruz ikasitakoa islatu duten, ostean, proiektuari amaiera eman dion jardunaldian, bestelako ikaskideekin partekatzeko.
Proiektu honek egindako beste ekarpen aipagarria Soziolinguistika Klusterrak hiru ikastetxeetan buruturiko hizkuntza aniztasunaren inguruko ikerketa kuantitatiboak eta kualitatiboak dira. Ikerketa hauetan eskoletako hizkuntzak identifikatzetik haratago, hauekiko dagoen ezagutza eta jarrerak analizatu dira, hezkuntza komunitatearen partetik.
Ikastetxeekin gauzaturiko lana bere amaierara iritsi den arren, oraindik asko dauka eskaintzeko proiektu honek, eta, Garabideko lantaldeak buru-belarri lanean dihardu eskoletako hormetatik haratago gauzatuko diren ekintzak antolatzen.