Boliviako ketxua komunitateak hizkuntza biziberritzeko plan estrategikoa martxan jarri nahi du 2022. urtean eta, horretarako, lehen pausuak eman ditu azaroaren 4, 5 eta 6an, Boliviako ketxuen hiru departamentu nagusietan. Departamentuko hiru hiriburuetan izan dira jardunaldiak, Cochabamban, Sucren eta Potosin hain zuzen ere eta bertan izan dira Garabideko kide diren Txema Abarrategi, Iñaki Martinez de Luna eta Eñaut Agirre. Garabideko kideek euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dituzte saioetan, etorkizuneko plan estrategikoaren nondik norakoak zein izan daitezkeen irudikatu ahal izateko.
Hiru egunetan goiz eta arratsaldez izan dira saioak, goizez Unibertsitateko ikasle eta irakasleekin eta arratsaldez elkarte eta autoritate ketxuetako arduradunekin. Ketxua komunitateko kideak hizkuntzaren egoerarekin kezkatuta azaldu dira saioetan eta hizkuntza biziberritzeko gakoak zein diren aztertu dute. Ahulguneak eta indarguneak identifikatu, eta horiei erantzuna emateko lehen diseinua egiten hasi dira. Datorren urtean plan estrategikoa diseinatuko dute, 2023tik aurrera martxan jarri ahal izateko.