2022ko ekainaren 9an, ostirala, Hizkuntza Biziberritzeko Nazioarteko II. Aditu Ikastaroaren itxiera egin zen Antonio Ante kantonamenduko “Fabrica Imbabura” guneko LIA aretoan. 52 parte-hartzailek jaso zuten ziurtagiria, 250 orduko prestakuntza burutu ondoren. Ikastaroan Imbaburako eta Ekuadorko beste herri batzuetako liderrek, irakasleek, kultur ekintzaileek, profesionalek eta abarrek parte hartu zuten.
Prestakuntza-programak 4 osagai izan ditu, bi urtean gauzatutakoak. Taldekideek prestakuntza akademikoan, proiektuen gauzatze praktikoan, esperientzien trukean eta hizkuntzak biziberritzeko nazioarteko kongresuan hartu dute parte. Prestakuntza-programa horren ondorioz, 6 proiektu zehatz sortu dira kitxua hizkuntza biziberritzeko, ondorengo esparruetan: familia-transmisioa, hezkuntza, komunikabideak, helduei kitxua irakastea, administrazio publikoa eta haurren eta helduen hizkuntza aktibazioa. Arnas luzeko proiektu estrategikoak dira, kitxua biziberritzeko prozesuak finkatzea ahalbidetuko dutenak. Unescoren arabera, kitxua desagertzeko arriskuan dago. Galera-prozesu hori iraultzeko ekintza zehatzik egiten ez bada, oso denbora laburrean galdu egingo da hizkuntzaren erabilera Imbaburan eta Ekuadorren, eta, horrekin batera, herrien berezko kultura eta ezagutzak galdu egingo dira.
Prestakuntza-prozesua eragile nazionalek eta nazioartekoek eraman dute aurrera. Ekuadorren, Sisariy elkartea, Asociación de Jóvenes Kichwas de Imbabura eta tokiko beste agente batzuk izan dira buru. Universidad Técnica del Norte ere laguntzaile izan dute, eta nazioarteko kontraparte gisa Euskal Herriko Garabide elkarteak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak parte hartu dute. Lankidetza horri esker, Euskal Herriko, Guatemalako, Kolonbiako, Txileko eta Mexikoko adituek parte hartzea lortu da, eta goi-mailako irakasleen talde anitza osatu da.
Horrela, Imbaburan hizkuntza indigenen nazioarteko hamarkada hasi da. Imbaburan, hizkuntza biziberritzearekin lotutako erakundeek erakunde publikoei zein pribatuei eskatzen diete, gizarte-erakundeei, tokiko gobernuei eta gobernu nazionalari, bat egin dezaten Ekuadorren hizkuntza indigenen aldeko ekintzak garatzeko, eta, horrela, benetako herrialde kulturartekoa eta plurinazionala eraiki dezaten, Ekuadorreko konstituzioak eskatzen duen bezala herrialde parekidea eta berdinzalea eratzeko.