Jatorrizko hizkuntzen biziberritzea du ardatz Garabideren “arNASA txiKITXUAK; Andeetako bi hizkuntzari eutsi guran” dokumental berriak eta ostiralean, maiatzaren 26an, 19:00etan, Bermeoko Kultur etxeko hitzaldi aretoan estreinatuko da musutruk.
2015ean plazaratu genuen “Beltzean Mintzo” (hemen ikusgai) filmarekin Garabide Elkartean jorratzen dugun hizkuntza lankidetzak zertan datzan azaldu nahi izan genuen. Oraingoan, aldiz, ildo horretan sakontzera gatoz, hau da, andeetako Nasa eta Kitxua hizkuntza-komunitateak hurbilagotik ezagutzera.
Sara Mijangos, Igone Cerio eta Nagore Olmos dira filmaren egileak eta HUHEZI fakultateko #KimuBerri Gradu Bukaerako Lanaren baitan eraman dute aurrera proiektua. Hiru zuzendari gazteak Kolonbian eta Ekuadorren izan ziren martxoan Garabidek bertako nasa eta kitxua komunitateekin lantzen dituen hizkuntza berreskurapen proiektuak ezagutzen eta dokumentalerako irudiak eta testigantzak biltzen.
Filmak Ekuador eta Kolonbiako parajeetara garamatza helburu argi batekin: 40 minututan biltzea bi hizkuntza hauen biziberritze lanetan ari diren eragileen testigantzak. Ikuslea berehala jabetuko da prozesu horietan konpartitzen ditugun argi-ilunez. Gainera, proiekzioaren osagarri gisa hizlari arituko da estreinaldi egunean Andoni Barreña, Garabide Elkarteko lehendakaria.
Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak, azaldu duenez, “Euskal Herrian legez, Andeetako Nasa eta Kitxua hizkuntzak indarberritzeko lanean ari dira”. “Ahalegin berean gabiltzan hizkuntzen artean elkarrengandik ikasteko eta elkarren berri izateko nahia gogoan izanda, Garabide Elkarteak, Bermeoko Udalak lagunduta, bideo hunkigarri bezain esanguratsua hau prestatu du”.
Agirrek bermeotarrak gonbidatu ditu maiatzaren 26an dokumentala ikustera eta Garabidetik gonbitea euskal herritar guztiei luzatu nahi dizuegu, zinez berezia baita sentitzea munduaren beste aldean egon arren zeinen hurbilak zaizkigun Nasa eta Kitxuen errealitateak.
ZABALDU gonbidapena lagunen artean Facebook bidez
Hona hemen aurrerapena: