2009ko apirila. Hizkuntz eskubideen egoerari buruzko 2008ko txostena aurkeztu du Behatokiak, eta bertan urtetik urtera kexa berdinak jasotzen ari direla nabarmendu dute.
Hizkuntz eskubideak bermatzeko tresna juridikorik ez dagoela salatu du Behatokiak, «tamalez, ohartu gara ondorioak antzekoak direla urtetik urtera». Oso kezkatuta agertu dira Hizkuntza Eskubideen Behatokiko ordezkariak. Izan ere, 2001ean lehenbiziko txostena landu zutenetik, diagnostikoa ez da aldatu; urtetik urtera, kexak eta horien zioak errepikatzen direla deitoratu du Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak: «Zer pentsatua eman beharko liguke horrek».
1.278 kasu bideratu zituen iaz Behatokiak, ia denak Euskararen telefonoaren bidez jasoak. Horietako 1.172 kexak izan ziren, 2007an baino gehiago. Hain zuzen, herritarrengandik jasotako mezuak izateak txostenari ematen dion balio erantsia nabarmendu du Bilbaok: «Guk egiten dugun azterketarekin ados egon ala ez, herritarren bizipenetan oinarritzen da». Eta Behatokiaren irakurketa ez da batere baikorra: «Euskal Herri osoan eta administrazio guztietan egiten dira hizkuntza eskubideen urraketak».
Behatokiak erakundeei jakinarazten dizkie kexa horiek, eta iaz erantzun asko jaso zituen. Bilbaok dio horrek baduela alde ona, «Behatokia erreferentzia izatea dakarrelako», baina alde txarra nabarmena da: «Arazoen berri ematen diegu, baina ez dute konponbiderik jartzen. Ez dago hizkuntz eskubideak bermatzeko tresna juridiko egokirik».