Albisteak

HIRUGARREN ASTEAREN OSTEAN

2017/10/23

BIDEOLABURPENA, Nekane Muñozek egina:

 

Urriaren 16an, astelehenean, goizetik ekin genion lanari eta parte hartu zuten 3 ponenteekin amaiera eman genion esku arteko moduluari, hau da “euskararen biziberritze prozesuaren gako nagusiak” moduluari. Hasteko, Jon Sarasuak helduen euskalduntze alfabetatzeaz eta euskal kulturgintzaz jardun zuen eta, bazkal aurretik, Itziar Idiazabalek hezkuntzaren garrantziaz aritu zen. Astelehenari amaiera emateko HUHEZIko irakasle Mikel Etxaburuk kultur produkzioaz jardun zuen.

Asteartean EHU-ko IXA taldeak egiten duen lan aparta ezagutzeko aukera izan genuen, hizkuntza gutxituek komunikabide eta teknologia berrien bitartez aukera eta zailtasun berriak topatzen dituztela ikusteko. Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundian ongi etorri ekitaldia egin zen eta, bertan ere ideia garrantzitsuak atera ziren: “Utilizar nuestra lengua es el fruto del trabajo de mucha gente” (“Gure hizkuntza erabili ahal izatea, jende askoren lanaren ondorioa da”). Berria egunkarian bukatu genuen eguna, komunikabideek eta batez ere hizkuntzak komunikabideetan duen garrantzia nabarmendu zuen zuzendari den Martxelo Otamendik.

Asteazkenean bisita didaktikoa izan genuen Gasteizen. Goizean Oihaneder euskararen etxean ateak zabaldu zizkiguten, proiektuaren helburu, lorpen, zailtasun eta erronken inguruan hitz egiteko. Topaguneko Manuel Morenok eta GEU Elkarteko Amaia Elorzak osatu zuten euskararen biziberritzeak Araban izan duen ibilbidea.

Arratsaldez, berriz, Lakuara abiatu ginen azken bisitara, Eusko Jaurlaritzako HPS-ra (Hikuntza Politikarako Sailburuordetzara). Bertan egin ziguten harrera Miren Dobaranek (sailburuordeak), Estitxu Alkortak (Euskara Sustatzeko zuzendariak), Joseba Lozanok (Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak) eta Jon Aizpuruak (Plangintza eta Azterlanetako arduradunak) Eusko Jaurlaritzak indarrean duen plangintzaren berri zehatza emateko.

Ostegun osoa Patxi Baztarrikarekin eman genuen. Goiz eta arratsaldez izan genuen Patxi “Hizkuntzak biziberritzeko eragile publikoak” gaiaz. Zenbat gauza esan zituen Patxik!…eta zenbat gauza aipatu gabe gelditu ziren!

Ostirala, berriz, egun luzea  genuen. Arlo akademikoari dagokionez bertako zuzendari den Jasone Mendizabalek Topagunearen berri eman zigun. Jon Sarasua, berriz, “ezberdintasun politiko, ideologiko zein erlijiosoez eta interes organizatibo”-en gaiaz jardun zen.

Eta ostirala, Aretxabaletako Larriño auzoan egindako afariarekin amaitu genuen. Ikastaldi trinkoko partaideek euren herriko janariak prestatu zituzten eta giro goxoan dastatzeko aukera izan genuen. Era guztietako kanta eta musikarekin eman genion amaiera afariari.

 

Honaino aste honetako kronika, datorren astelehenean izango duzue laugarren (beraz, azken!) astean jazotakoaren berri. Bitartean, gure blogean dituzue xehetasun gehiago eta gure sare sozialetan (Twittereta Facebook) egunez-egunekoa.

 

Jendaurreko ekitaldiak:

ARETXABALETA:

- Urriaren 30ean, 17:30etan, Galartzako dorretxean "Hamaika amets eta beste bat gehiago", Ikastaldi Trinkoaren agur-ekitaldia.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus