Albisteak

HIGAtu dugu bidea

2018/07/19

Gaita-pandero doinuan 73 laguneko kuadrilla bildu gara, 39 emakume eta 34 gizon, munduko 31 hizkuntza gutxitutako hiztunak, Euskal Herrian, Gasteizen. Akaso kontrakoa uste duzu, baina ez gara debalde etorri, dena dugu aldatzeko eta HIGAtu dugu bidea.

 

                      

 

Mende laurdeneko bizi-bidaia egin dugu honaino, bataz-bertzean, HIGAko parte hartzaileok; 219.000 orduko pelikulak gara eta 96 ordu pasatzen ari gara elkarrekin zientzia fikziozko bideoklip bat osatzeko asmoz. Lasai, maiz erraten digute gu ulertzea ez dela erraza. Findu belarriak, saiatu bederen doinua asmatzen, gu hankamotz baikabiltza presa eta patxada, i(rri)parra eta beroa, beharrak eta ezinak, nahiak eta eutsi ezineko begi zulo eta gogoak kiribeltzen dituen aire honen izanari izena asmatzen. Hori bai, birikak guztiz bete ditugu luzaroan nabaritu dezagun belarri artean HIGAren ufada goxoa. Klik, krak eta ene. Segundu bakar batean ematen dira bizitzako aldaketa esanguratsuenak. Eta guk milaka segundu eman dizkiogu elkarri topaketaren lau egunotan munduko ahal bertze bizitzatan ene, krak eta klik eragiteko. Hasi da atzera kontaketa, minutu gutxi falta dira HIGA bukatu, erlojuak zerora berdindu eta makilarekin lurra jotzeko, gure etxeetan auzolanari ekin eta munduko hizkuntza gutxituen burrunbak lagunduta aitzina egiteko:

 

Zorion mundu hontako denoi,

 

solas egitera gatoz.

 

Ahotsez ahots hizkuntza zaharrak

 

orain berritzeko asmoz.

 

Ez gaude oso aberats diruz

 

ezta ere salbu oztopoz,

 

bainan eztarriz sano gabiltza

 

ta bizi nahi dugu gogoz.

1...

2...

HIGA!

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus