Albisteak

Hezkuntza esperientziak bigarren astean

2015/01/01

2009ko urria.  Euskararen errekuperaziorako bidean funtsezko izan diren hezkuntza esperientziak ezagutzen saiatuko gara datorren astean.

Astelehenean ordea Euskaltzaindia ezagutzeko bisita antolatu dugu Bilbora, haren egoitza nagusira. Funtsezkoa iruditzen zaigulako gure gonbidatuei hizkuntzaren corpusean egin den lana erakustea, hezkuntzak ere ezinbesteko duen tresna dena.

Hezkuntzarako eta hizkuntzaren garapenerako tresnak: euskararen batasunerako eta estandarizaziorako lana; lexiko eta hiztegigintza. Elhuyar fundazioaren lana astearte goizean ikusiko dugu.

Eta horien ondotik hezkuntzan murgiltzen hasiko gara: hezkuntza ereduak, hizkuntza programak irakaskuntzan, euskaraz era integralean, geletatik kanpo ere egiteko saio eta programak, ikastolak.

Ostegunean helduen euskalduntzea nola egin den eta egiten ari den ikustera goaz Sestaoko AEKra. Eta ostiralean Udako Euskal Unibertsitateak egindako lanaren berri izatera.

Kultura

Gure mundu ikuskera zein den. Gure kulturaren oinarrian zer dugun. Mitoak zein ditugun. Ohitura zaharrak. Etnografia eta antropologia pixkat gure hizkuntza zaharra hobeto ezagutzeko. Horren guztiaren berri emateko eskatu diogu Manu Etxeberria irakasleari. Astelehenean izango gara harekin Bilbon.

Biharamunean Jose Angel Irigarairen lekukotza. Ez dok amairu funtsezko adierazpen kulturala izan zen. Beste askoren eragile ere bai. Garai hartara gonbidatu ditugu Ameriketako bertako herrietako ordezkariak.

Astearen hondarrean komunikabideak ezagutzen hasiko dira, hurrengo asteko protagonistak. Ostiralean EITBra egingo dugu bisita Kike Amonarrizen eskutik.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus