2010eko otsaila. Perun kultur arteko hezkuntza elebiduna bazter utzia dutela eta desagertzear dagoela salatu du sistema horretan lanean ari diren maisuen elkarteak. Hezkuntza elebiduna hartu beharko lukeen milioi bat ikasletik gora dagoela diote irakasleok, baina horietatik %3ri baino ez zaiola iristen egun. Hori horrela, sistemaren ebaluazio eta berrazterketa orokorra egiteko eskatu diete agintariei.
Egiten den ahalegin apurra nekazal giroan biltzen ari direla, eta prestatzen dituzten iraskasle apurrak eremu indigena batzuetan lehen hezkuntzan ariko direnak direla. Sistema bera agortzen ari direla, hezkuntza marko baztertzaile eta uniformatzailearen mesedetan, salatu du Peruko Anamebi erakundeak, hezkuntza elebidunean lanean ari diren irakasleena, urtarril bukaeran egin duten kongresuaren ondorio gisa.
Sistemaren kudeaketa lotsagarria dela eta hezkuntza elebiduna desagertzea baino nahi ez duten Hezkuntza Ministerioko funtzionarioen esku dagoela diote: “Urteak dira ikasleek beren hizkuntzetan prestatutako materialik jasotzen ez dutela, edo maisu-maistrak prestatzen ez direla. Hezkuntza elebidunean irauten dugun apurrok ez dugu agintarien inolako babes eta laguntzarik”.
Erregioetako agintarien ahaleginak txalotu egin dituzte hala ere, beren hezkuntza proiektu propioak egiteko lanean ari direlako. Lurralde bakoitzeko berezitasunak jasoz, baina berezitasunak jaso behar horretan, aymara, ketxua eta amazoniako pertsonen behar orokorrak ahaztu gabe, diote, departamentu batean baino gehiagotan direnez, haien beharretarako hezkuntza sistemak presta ditzaten elkarlana egiteko eskatu diete agintari erregionalei.