2010eko apirila. Garabide Elkartea aurten ere Nazio Batuen erakundean antolatu duen Herri Indigenen Gaietarako Foro Iraunkorrean izango, apirilaren 19tik 30era, NBEren New Yorkeko egoitza nagusian.
Urtero gai berezi bat hartzen dute Foroan lantzeko eta aurten herri indigenen edo jatorrizko herrien garapen kultural eta identitarioa aukeratu dute. Mundu osotik iritsitako ehunka herrietako eta gobernuetako ordezkariek herri indigenen hizkuntza eta nortasunak duten egoeraren inguruan eztabaidatuko dute bi astez.
Azken ikerketen arabera urtero hamar bat hizkuntza galtzen dira eta ia munduko hizkuntzen erdia dago galtzeko arriskuan, neurri batean edo bestean.
Garabide Elkarteak uste du euskaldunok badugula zer esana gai honetan, beste hainbat herriren antzera gure nortasuna eta hizkuntza desagertarazteko prozesua gertutik ezagutzen baitugu, baita prozesu honi aurre egin eta hizkuntza normalizazio bidean jartzeko abentura ere. Herri bezala dugun ibilbide propiotik ikasitakoak herri ezberdinetako ordezkariekin elkarbanatzeko asmoz goaz Garabide Elkarteko kideak Forora. Berriki argitaratu dugun “Euskararen Berreskuratzea: hizkuntzak biziberritzeko gako batzuk” dvd- liburua aurkeztuko baitugu bertan.
Ez goaz bakarrik ordea Herri Topa eta Traits d'Union elkarteko zazpi lagun ere bertan izango dira Iparraldearen boza eta Euskal Herriarena entzunarazteko. Foroan parte hartuko dute autodeterminazio eskubideaz, giza eskubideez eta euskaldunok, bereziki iparraldean, hizkuntza eta kulturan jasaten ditugun erasoen gainean jarduteko.
Hartu-emanak egiteko leku aproposa
Euskarak egin duen ibilbidea eta horretarako gakoak ezagutarazteaz bat geure burua ere nahi genuke ezagutzera eman. Horretarako plaza ezin aproposagoa izan daiteke NBEak antolatzen duen Foroa eta ahalik eta hartu-eman gehien egiten saiatuko gara, erakunde eta komunitate indigenen ordezkariekin ez ezik, gobernuetako ordezkariekin ere bai, dela Espainiako nazioarteko lankidetzako ordezkaritza, dela Ameriketan lanean ari garen herrialdeetako gobernuena.
Batzuk zein besteak hizkuntzen galeraren arriskuaren handiaz behar bezala jabetzeke ote dauden pentsatzen dugu sarri eta horrek gizateriarentzat ekarriko lukeen galeraz. Horren oharra egin nahi dugu, eta horren ondoan, hizkuntzok biziberritzeko estrategiak indarrean jartzea posible dela adierazi.