Ihesi doa denbora, eta dagoeneko burutu dugu Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren erdia. Hirugarren aste honetan, Aretxabaletako egoitzan hasi eta urrunduz joan gara, Gasteizera lehenik eta Ipar Euskal Herrira ondoren.
Hizkuntza-plangintza lantzen hasi genuen astea. Astelehen goizean, Patxi Baztarrikak udalerri mailako hizkuntza-planen berri eman zien formazioko partaideei. Hurrengo goizean ildo beretik jarraitu zuen Iñaki Martinez de Lunak, hizkuntza-planen diagnosia, plangintza eta ebaluazioa egiteko oinarri teorikoak azalduz. Teoria hankamotz dabil, ordea, praktikarik gabe. Hizkuntza-planak nola hezurmamitzen diren ikusteko, EMUNen Arrasateko egoitzara joan ginen astearte arratsaldean. Bertan, enpresetan eta administrazio publikoetan euskararen erabilera nola bultzatzen duten ikusi zuten partaideek.
Aurrekoekin batera, beste bi saio izan genituen astelehenean. Lehenengoan, Nerea Uriartek ikastaroaren amaierako proiektua idazteko saio praktikoa gidatu zuen. Izan ere, lau asteko programa burututa, partaideek aukera izango dute formazio eta bisita pertsonalizatuak egiteko gehien interesatu zaizkien gaien inguruan, eta, ondoren, ikasitakoa haien komunitateetan inplementatzeko proposamen bat idatziko dute. Bestalde, June Fernandezekin batera, hizkuntza, generoa eta aniztasun sexualaren arteko loturak landu zituzten.
Asteazkenean, berriz, Gasteizko EHUren letren fakultatera joan ginen, Lurdes Auzmendirekin itzulpengintza eta interpretazioaren inguruan aritzeko. Ezinbesteko tresnak dira itzulpengintza eta interpretazioa, beste hizkuntzetan sortutakoa gure hizkuntzetara ekartzeko ez ezik, baita testuinguru eleanitzetan hizkuntza gutxituei leku egiteko ere. Horretarako tresna eta teknika zehatzak erakutsi zizkien Lurdesek hizkuntza ekintzaileei.
Astearen bigarren zatia, esan bezala, Ipar Euskal Herrian eman genuen, Plazarako kideek lagunduta. Han igarotako hiru egunetan, hainbat bisita egin genituen: Biriatuko ikastola, Plazara, Baionako Biltxoko elkartea, Bidarraiko Kanaldude telebista, Urepeleko Amerikanoinea Interpretazio Zentroa... Horretaz gain, Eneko Gorri eta Irati Fernandezek Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa azaldu zuten, Xan Airek herri kulturaren inguruko saioa eman zuen, Plazara eta Garabidek lankidetza hitzarmena sinatu genuen prentsaurreko batean, eta Aldudeko ibarreko ate idekien azoka ere ezagutu genuen. Bete-bete joan ziren hiru egunak, zalantzarik gabe.
Geografiak kontrakoa dioen arren, uste baino hurbilago daude Euskal Herriaren iparraldea eta munduko hegoaldea. Hegoko hizkuntza ekintzaileak oso identifikatuta sentitu dira euskararen atzerakada, ofizialtasun falta eta, batez ere, bizinahia ikusita. Dimentsio aldetik ere, haien hizkuntzak biziberritzeko lehen pausoak irudikatzeko orduan, ispilu egokia eskaintzen diete Biriatuko ikastola edo Kanaldude bezalako ekimen txikiek.
3. aste honetako laburpen bideoa hemen.