DVD-Liburu berria kalean
Liburuak 65 orri ditu, eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez argitaratu da. Alberto Barandiaranek idatzi du, eta dokumentala biltzen duen bideoak, berriz, 14 minutu inguru ditu. DVDa Argiak ekoitzi du, eta errealizazio lanak Maialen Sarasuak egin ditu.
Euskararen berreskuratzea (III) Hedabideak DVD-liburuxka honetan, hizkuntza gutxituen biziberritzean hedabideek izan dezaketen eragina aztertzen da, euskararen esperientzia ardatz harturik.
DVD-liburuxka hau, ordea, proiektu zabalago baten hirugarren katebegia da. Orain dela hiru urte abiarazi genuen Euskararen berreskuratzea izeneko bilduma sortzeko egitasmoa. Gure helburua honakoa zen: euskararen berreskurapenean egin den (eta egiten ari den) lan izugarri hori, hizkuntza gutxituak dituzten gainerako komunitateen eskura jartzea.
Euskararen berreskurapenaren esperientzia erreferente bihurtu da hainbat hizkuntza komunitaterentzat. Hizkuntza gutxituek, behin hilzorirako bidea hartzen dutenean, nekez egiten dute atzera, biziberritze prozesu batean sartzeko eta ezinbestean, hil egiten dira.
Jakin badakigun arren gure hizkuntza nahi genukeen normalizazio mailatik urrun dagoela, tamalez, gurea bezalako berreskuratze kasu dokumentatuak ez dira ugariak, eta merezi du egindako ibilbideari erreparatzea, inori bidean argi egin balekio ere.
Bilduma honetako lehen liburua duela bi urte kaleratu genuen. Lan orokor honetan euskararen biziberritzean egon diren gako nagusiak aztertu genituen, hala nola, hezkuntza, hizkuntzaren corpusa, hedabideak...
Eta iaz argitaratu zen, gako horietako bati buruzko lehen lan monografikoa: Euskararen Berreskuratzea (II) Hizkuntzen Estandarizazioa. Gaur aurkeztera gatozen hedabideei buruzko ale hau, bigarren lan monografikoa dugu, beraz.
Zer da Garabide? Zein da bere lana?
Garabide Elkartea euskararen berreskurapen esperientzia Hegoaldeko jatorrizko herriekin konpartitzeko sorturiko elkartea da. Eta konpartitzea, bi norantzatan ulertzen dugu, denok dugulako zer emana eta zer jasoa elkartruke horretan.
Hizkuntzen biziberritzearen alde egiten dugu lan, baina, ez soilik munduko hizkuntza aniztasuna defendatzeko, berreskurapen hori garapenerako tresna gisa ulertuz baizik. Sinesten dugu hizkuntzaren eta kulturaren berreskurapenak eta honek hiztun komunitatearen autoestimuan eta kohesioan duen eraginak, komunitatea indartu egiten duela, mundu globalizatu honetan bere erara bizi(raun) ahal izateko.
Euskalgintzako erakundeen eta aimara, ketxua, mapuzugun, edo hizkuntza maien alde lanean ari diren erakundeen arteko elkarlana bultzatz, jatorrizko hizkuntza eta kulturak berreskuratzeko zubigintzan gabiltza lanean azken 5 urteetan.
Ikerketa eta materialgintzaz gain, gure lan ildo nagusiak formakuntza eta tokian tokiko proiektuak dira.
Antolatu ditugun lau truke-programen eta Aditu Tituluaren bidez dagoeneko 50 ordezkari indigenatik gora izan dira Euskal Herrian, gure prozesua eurenarekin konpartitzen.
Harreman horietatik lankidetza proiektu ezberdinak sortu dira. Ekuadorren
(Imbabura eta Chimborazo eskualdeetan) aholkularitza eskaini dugu kitxua komunikatzaileak formatzeko proiektuan, HUHEZIko komunikazio arloko irakasleen eskutik; Guatemalan (Chimaltenango eskualdean) eskola sare batean Maia Kaqchikel hizkuntzan murgiltze sistema txertatzeko sentsibilizazio proiektuan Ikastolen Elkarteko ordezkarien eskutik… Aukerak ugariak dira, eta premia larria.
Euskararen Berreskuratzea bilduma. Zergatik? Norentzat?
Hasieratik izan dugu helburu jatorrizko hizkuntzen berreskurapen bidean dauden beste hainbat esperientzientzako ispilu izatea. Izan ere, kanpotik jasotako eskaera zela eta ohartu ginen, besteak beste, gure esperientzia azaltzen zuen materialik ez zegoela, eta aztertu eta sintetizatu gabe zeudela euskara gaur egungo egoerara eraman duten estrategia eta lan ildo nagusiak.
Hartzaile nagusia hizkuntza gutxitudun komunitateak dira, beraz, baina,ez bakarrak: DVD-liburuxka tresna egokia izan liteke belaunaldi gazteenei edo gure herrira etorri berriei gure nortasunaren ardatz nagusietako baten ibilbidea eta iragan hurbila transmititzeko ere.
Norekin egin dugu lan? Nork lagundu digu?
Lanaren koordinazioa eta edukiaren zehaztapena zein zuzendaritza Garabidek egin du, eta Alberto Barandiaran izan da lan horien koordinatzailea. DVDa Argiak ekoitzi du, eta errealizazio lanak, berriz, Maialen Sarasuak egin ditu.
Kontraste taldeko kideak: Lorea Agirre (HUHEZI), Aitor Zuberogoitia (HUHEZI), Andoni Barreña (Unesco Katedra), Elixabete Garmendia (EITB), Xabier Letona (Argia), Iñigo Iñurrategi (HUHEZI-Garabide), Jon Sarasua (Garabide), Urko Kolomo (Garabide), eta Miren Artetxeren (Garabide) laguntzarik gabe.
Dokumentaleko parte hartzaileak: Pello Zubiria (Argia), Irene Arrarats (Berria), Mikel Bujanda (Euskalerria Irratia) eta Iban Arantzabal (Goiena), eta Lorea Agirre (HUHEZI).
Proiektuan hasieratik sinistu eta diruz lagundu duten erakundeak: Gipuzkoako Foru Aldundia, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Aretxabaletako Udala, Arrasateko Udala, Fagor kooperatiba, Maier kooperatiba, Emun kooperatiba eta Gipuzkoako Kutxa).
Eta nola ez, inguruan izan ditugun bazkide, lagun eta aipatu gabe geratuko ziren baina isileko lana eginez gertu izan ditugun guztiak.
DVD-Liburuxkaren nondik norakoak
Euskararen berreskuratzea (III) Hedabideak liburua eta dokumentalaren oinarrian, bi galdera daude: zergatik dira garrantzitsuak hedabideak hizkuntza baten biziraupenerako? Eta, zer du Euskal Herriak emateko arlo honetan? Gaur egun, euskara hutsean argitaratzen diren egunkariak ditugu; euskaraz astero kaleratzen diren aldizkariak; euskal telebista eta irratiak; Interneten blogak, web orriak, eta eduki ugari aurkitu daitezke lan handirik gabe. Zer egin du euskal komunitateak, beraz, hedabideen alor honetan? Jon Sarasuak liburuaren sarreran dioen bezala, adi egon. Hamarraldi bakoitzeko aukerei eta beharrei adi egon. “Euskaraz egin zitekeena amestu, antolatu eta ekintzetara pasa”.
Liburuan bide hori nola egin den agertzen da. Nola sortu ziren lehen euskal kazetak XIX. mendearen amaieran; ze ahaleginak egin zituzten Kirikiñok eta Azkuek euskal prentsa sortzen joateko, XX. mendearen hasieran; 70eko hamarkadaren amaieran ze aldarria piztu zen euskal prentsa osoaren alde; Euskaldunon Egunkaria-ren sorrera ere kontatzen du, 90eko urteen hasiera; tokiko prentsaren mugimenduaren eztanda; euskal irratien ugaritzea; Interneten eman diren urratsak...
Baina Garabideren lana euskal esperientziaren transmisioa azaltzea izaki, askoz garrantzitsuagoa da bide hori nola eta zeinek egin duen azaldu baino, zergatik egin den esplikatzea. Sintesi bat eskaintzea beste herrietako hizkuntz komunitateei, haientzako baliagarria izan daitekeelakoan. Eta ondorioak argi eta garbi agertzen dira liburuan zein dokumentalean:
-
Hedabideen garrantzia funtsezkoa da hizkuntzen berreskuratze prozesuetan, leiho zabal bat direlako: hedabideen bidez zabaltzen dugu gure mundua, eta mundua ere leiho horretatik sartzen da.
-
Egunkariak, telebistak, irratiak, errealitatearen eraikuntza dira, eraikuntza bateratua. Beraz, garrantzitsua da hizkuntz komunitate bakoitzak eraikuntza horretan igeltseroak edukitzea, bakoitzak erabaki dezan nolako etxea altxatu nahi duen.
-
Hedabideek aukera ematen diete hiztunei beren buruaren errepresentazio publikoa kontrolatzeko, komunitate bereko beste kideen ideiak, ikuspegiak eta arazoak ezagutzeko, eta Gu-aren ideia komunitate horren baitan txertatzeko. Hedabideak, gainera, hizkuntza garatzeko gune apartak dira. Estandarizazio prozesuetan aurrera egin nahi duten hizkuntz komunitateentzat, beraz, ezinbestekoak dira.
-
Duela hogeita hamar bat urte, funtsezko galderari erantzun behar izan zioten Euskal Herriko hedabideek: zer da euskal hedabidea? Elebitasuna bide faltsua zela ondorioztatu zen, euskara bigarren mailan geratzen zelako beti, eta, beraz, euskal hedabideak euskaraz dihardutenak direla eta euskal komunitateak euskara hutsezko eredu autozentratuak behar zituela erabaki zen; hau da, hizkuntz komunitatearen bihotzera begira lan egingo zuen prentsa, irratia eta telebista behar zirela.
Azken mezu bat
Zein motatako garapenerako lankidetza egin dezake Euskalgintzak? Zabaltzen ari garen nazioarterako leihotxotik irten eta eraikitzen gabiltzan noranzko biko zubi hau eraikitzen laguntzera gonbidatu nahi zaituztegu guztiok, galdera horri erantzun bat ez, hamaika ematera.
Eman diezaiogun euskalgintzari hedapen internazionala, baliatu dezagun gure esperientzia beste komunitateekin trukatzeko eta indartzeko. Herri batek ez duelako soilik galdetu behar zenbat diru duen garapen bidean dauden herriei emateko baizik eta zein esperientzia dituen konpartitzeko.
Konpartitze horretatik konturatuko garelako hizkuntzaren galera prozesuak ia modu berean errepikatzen direla nonahi, elkar-lotuta daudela, eta euskararen etorkizunak, globalizazio aro honetan, zerikusi zuzena duela guaraniak, amazighak, kitxuak edo kaqtxikelak izango duen etorkizunarekin.