Albisteak

Hasi da Garabideren III Truke Programa

2015/01/01

2009ko urria.  Asteon hasi da Garabide Elkarteak antolatzen duen esperientzien Truke Programa. Igandean Nafarroan Oinez ezagutzera joan gara eta jardunaldiak urriaren 19an hasi dira, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien, HUHEZI, fakultatean.

Aurkezpenak eta harrera ekitaldiak egin ditugu lehen egunean. Huhezi Fakultateko Nekane Arratibel dekanoak hartu gaitu lehendabizi eta ondoren Oñatiko alkate Lurdes Idoiagak egin die harrera Ameriketako herri indigenen ordezkariei.

Sei herritako hamaika lagun

Aurten hiru lagun maya etorri dira Guatemalatik, bi Ekuadortik, bata kitxua eta bestea chuar herrikoa, Bolibiatik lau gonbidatu ditugu, ketxua bat eta hiru aymara, eta Wallmapu, Txile baitako maputxeen herritik, bi lagun:

 

  • Isabel Hernandez, maya, komunikatzailea
  • Fredy Xocop, maya, hezkuntza arduraduna
  • Jose Aurelio Silvestre, maya, hizkuntza Akademiakoa
  • Carlos Yamberla, kitxua, komunikatzailea
  • Mario Vargas, shuar-a, erakunde indigenako arduraduna
  • Erculina Mamani, aymara, erakunde indigenako arduraduna
  • Bertha Cayoja, aymara, erakunde indigenako arduraduna
  • Claudio Marcapaillo, aymara, irakaslea
  • Gualberto Quispe, ketxua, irakaslea
  • Francisco Caquilpan, maputxea, erakunde indigenako arduraduna, eta
  • Nicolás Sanchez, maputxea, hezkuntza arduraduna

Programa aberatsa

Euskal Herriko erakunde, elkarte eta pertsona askok hartuko dute parte jardunaldi hauetan. Urrian 19an hasi, eta azaroaren 13an bukatuko dira. Formazio saioak, euskalgintzako esperientzien testigantzak, solasaldiak, bisitak, hitzaldiak, mahai inguruak, eta abar. Oraindik programa erabat lotzeke dugu, baina aurrera daiteke hainbat lagunen parte hartzea:

Huhezi Fakultatea, Nekane Arratibel, Oñatiko Udala, Lurdes Idoiaga, Julen Arexolaleiba, Iñigo Arteatx, Iñaki Arruti, Xamar, Iñaki Perurena, Iñigo Iñurrategi, Azkoitiko Udala, Asier Aranbarri, Jasone Bilbao, Euskaltzaindia, Pello Telleria, Xabier Kintana, Manu Etxeberria, Elhuyar, Kutxa, Jose Angel Irigarai, Bergarako Udala, Karmele Perez, Eneritz Garro, Emeterio Zaldibia, Amaia Antero, Arizmendi Ikastola, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea - AEK, Itziar Villanueva, Udako Euskal Unibertsitatea -UEU-, Lore Erriondo, Euskal Irrati Telebista - EITB, Kike Amonarriz, Joan Argenter, Koldo Zuazo, Andoni Barreña, Euskara Elkarteen Topagunea, Jasone Mendizabal, Goiena Komunikazio taldea, Oihane Agirre, Iban Arantzabal, Aitor Zuberogoitia, Arrasateko Udala, Durangoko Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolak, Zenbat Gara elkartea, Bilboko Kafe Antzokia, Jesus Garmendia, Lorea Agirre, Berria, Audrey Hoc, Euskal Herrian Euskaraz, Basaizea elkartea, Baigorriko dantza taldea, Garaziko AEK, Maialen Errekart, Irulegiko Irratia, Maria Agnes Gorostiaga, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Lurdes Auzmendi, Udalerri Euskaldunen Koordinakudea – UEMA, Aulestiko Udala, Kontseilua, Xabier Mendiguren, Emun, Jon Sarasua, Eskoriatzako Udala...

Elkar ezagutzeko helburua

Programa honen helburua garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuetako ordezkariei euskara eta euskal kulturaren esperientziak erakustea da. Eurek ere, beren identitatearen mantentzeko eta hizkuntzen normalizaziorako non begiratu izan dezaten, nahi du Garabidek.

Baina badira beste bi helburu hori bezain garrantzitsuak: herri indigenetako ordezkariek ekarriko diguten esperientzia ezagutu nahi dugu, beren errealitatearen berri izan nahi dugu,eta herri hauen ekarpen eta hizkuntza errealitateak ezagutarazi euskalgintzako eragileei, protagonisten eskutik beretik; eta bestetik, oso egoera ezberdinetako eta elkarrengandik urrunekoak diren heinean, elkarren arteko harremanak eta sarea indartzeko aukera eman nahi dugu.

Lankidetzan oinarritutako hartu-emanak bultzatuko ditugu, bereziak diren eredu gizakoiagoetara bideratuko gaituen elkartrukatzean ikasiz.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus