Abiatu da Korrika eta hamar egunetan zehar edozein ordutan ariko da norbait nonbait kurrika, lasterka, zalheka, saltaka, ariñeketan... harro herri korrika. Bosgarren egunean, bide bazterrean itxaron diogu garabidetarrok ere Korrikari, Urizaharratik Armentiako Bentetara bidean, Araban. Eguzkia lagun, berokiak erantzi, petoak jantzi eta luzaketak egiteari ekin diogu.
Badator. Ez, oraindik ez, baina pasatu den Korrikako lehenengo furgonetaren musika entzutearekin batera bor-bor ipini zaigu odola, “bihotza pil-pilean, tik-tak tik-tuk, tik-tak tik-tuk”. Berotzen segitu dugu. Orain bai, badator Korrika, badatoz korrikalariak. Ttipi-ttapa tipi-tapa Korrika! Iritsi zaigu lekukoa hartzeko tenorea, ohorea.
Bagoaz. Astelehen goiza eta landa ingurunea izanik ez gara asko, baina aldez aurretik ekarritako ilusioa zein furgonetatik emandako animoak lagun gogotsu goaz aurrera. Araban ere euskararen alde! Irribarretsu hortzak erakutsi dizkiogu aldapa gogorrari.
Badoa. Oihu eta jauzi, konturatu orduko burutu dugu kilometroa eta eman dugu lekukoa. Tropelera batu diren euskaltzaleekin batera “Trebiñu ere euskaldun” aldarrikatu dugu. Eutsi diogu hats eta izerdi Korrikari gutxienez kilometro batez, egin dezan eztanda gero Gasteizen arratsaldez.
Bagara. Joan da Korrika, baina aurtengo kantuak dioen antzera, “...Harro herri korrika, bagara! Harro herri korrika, plazara!” Eta igandean euskaltzaleok Korrika amaierako bestan elkartuko gara Baionan eta erakutsiko dugu “mingainaz mingaina, mintzairaz mintzaira (...) euskararen sarea ez d(el)a eroriko”.