Albisteak

HAMABOST EGUN PASATA, URRIA ZENA OPARO

2017/10/16

BIDEOLABURPENA, Nekane Muñozek egina:

Ikastaldi Trinkoaren bigarren asteak ozta-ozta eusten dio zazpi egunetan bizitakoari. Urriaren 9an ekin genion lanari, goizean goiz, Arizmendi Ikastolara egindako bisitarekin. Bertatik-bertara ikusi genituen ikasleak eskolara ailegatzen, irakasle eta gurasoak buru-belarri elkarlanean haurren heziketan. Arratsalde partean Andoni Barreñak ikastaldiko hezkuntza ataleko azken kontzeptuak argitu zituen eta talde gogoeta gidatu zuen hizkuntza gutxituetako ordezkari guztiekin.

 

Goierrira abiatu ginen asteartean, urriak 10, eta Beasaingo euskaltegiko zuzendari Mari Paz Martinek hartu gintuen bertan euskarak azken hamarkadetan egin duen biziberritze prozesuaren gako nagusiak azaltzeko eta, ondoren, euskaltegiko irakasle den Jon Antxiak helduen alfabetatzeari buruzko saioa eskeini zuen. Gero, Aitor Aldasoro alkateak harrera egin zien Beasaingo udaletxean hizkuntza gutxituetako ordezkariei. Arratsaldean Ane Barandiaran euskara teknikariak aurkeztu zuen euskara zerbitzua, insituzioen baitan euskararen biziberritzerako egi(te)n diren bideen erakusgarri. Bukatzeko, Barañaingo liburutegian hizketaldia egin zen nasa eta kitxua ordezkariekin Garabideren "Beltzean Mintzo" filma proiektatu ostean.

 

Asteazken goiza Arrasaten pasa genuen. Hasteko, Mondraberri bertako euskal egunkari digitalaren egoitzara hurbildu ginen eta ondoren Goiena komunikazio taldearen egoitzan Iban Arantzabal zuzendariaren ahotik jakin genuen zertan datzan bertako komunikazio proiektu partehartzaileak. Jarraian Emunen izan ginen, berrikuntza soziala hizkuntzaren bitartez lantzeko moduak ezagutzeko. Bazkalondoan Aretxabaletako ikasgelara bueltatu eta Jon Sarasuak produkzio kulturalaren atalari hasiera eman zion, gerora egingo diren bisita didaktikoak hobe ulertzea xede. Arratsean Beasaingo Igartza jauregian solasaldi irekian aritu ziren bertaratutakoekin Sarasua eta ordezkari maputxe, amazigh eta nahuatl bana.

 

Urriaren 12an Ipar Euskal Herrirantz abiatu ginen, motxilak ilusioz bete eta bertan 3 egun pasatzeko asmoz. Sortu berri den Biriatuko Ikastolara ailegatu ginelarik kantari hartu gintuzten haurrek, etxe giroan "Jon Braun" eta "uztaia gora-gora" ordezkari indigenei irakasten. Beste hizkuntza gutxituetan abesten animatu ginen denak, adibidez Mexikoko nahuatl hizkuntzako "Peio untxia" etxekotu genuen. Eskolako guraso eta irakasleekin esperientzia trukerako tartea ere izan genuen, Twitterren jarraitu bagaituzu ikusiko zenuen Biriatuko frontoian pelota txapelketa mundial eta zirraragarria jokatzeko ere eman zuela goizak! Arratsaldean Baionako Bernat Etxepare Lizeoaren egoitza berria ezagutu genuen bertako ikasleekin.

 

Urriaren 13ak Bidarraien argitu zuen guretzat, ezin ederrago. Kanalduden hartu gintuzten Joana eta Pantxikak eta bertako komunikabidea hezurmamitzen duen proiektuaren azalpen argiak bultzada handia eman zien hizkuntza gutxituetako ordezkariek aurrera eraman nahi dituzten ekimenei, gogoz eta indarrez beteta abiatu ginen Garazi aldera, goizean aipatutako bi esaldi buruan bueltaka; batetik, "egunero ari gara irabazten, batzuetan izaten ahal da urratsa handi, bertzeetan soilik ttipi, baina beti aitzin" eta, bestetik, Mixel Berhokoirigoinen "arrazoia dugulako irabazi dugu, baina batzuentzat arrazoia dugu irabazi dugulako". Bazkalondoan, Irulegiko irratia ezagutu genuen eta arratsalde bukaeran Garaziko Gaztetxean txoko bat egin ziguten gazteen ikuspegi eta ekimenak zuzenean ezagutzeko. Giro ezin intimoagoan egin zuten orduek aurrera eta leiho handien bestaldean ilundu arren, argitasuna geroz eta handiagoa zen hiriaren bihotzean.

 

Larunbatean Izpegitik barrena Baztan aldera abiatu ginen eta hamaiketakora hurbildu zitzaigun Elizondon Baztango alkate Joseba Otondo. Oiartzun genuen helmuga, han baikenuen zain Mikel Mendizabal. Berak gidatu gintuen Errenga mendian gora, gailurreko mairu-baratzetan euskal kosmobisioari buruz aritu zitzaigun hizketan eta, hari horri tiraka, gainerako kulturetako kosmobisioaren elementu batzuk ezagutzeko aukera izan genuen.

 

 

Asteari bukaera emateko urriaren 15ean Lesakara hurbildu ginen Nafarroa Oinez besta ezagutzera. Ikastaldi Trinkoko talde osoaren ordezkari lanetan aritu ziren hasierako ekitaldian Andoni Barreña Garabideko lehendakaria, Victoria Esquit Guatemalako kaqchikel komunitatetik eta Adolfo Vitonas Kolonbiako nasa herritik. Honekin bukatzen dugu aste honetako kronika, datorren astelehenean izango duzue hirugarren astean jazotakoaren berri. Bitartean, gure blogean dituzue xehetasun gehiago eta gure sare sozialetan (Twitter eta Facebook) egunez-egunekoa.

 

Aste honetako jendaurreko ekitaldiak:

OIARTZUN:

- Urriaren 17an, 19:00etan, Udaletxeko areto nagusian "arNASA txiKITXUAK" dokumentala eta hizkuntza gutxituetako ordezkariekin hizketaldia.

USURBIL:

- Urriak 20, "arNASA txiKITXUAK", 18:00etan, kultur etxean "arNASA txiKITXUAK" dokumentala eta hizkuntza gutxituetako ordezkariekin hizketaldia.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus