2009ko maiatza. Hizkuntza mayen egoera ezagutzeko bisitan izan gara Guatemalan. Aste oso betea egin dugu, lankide ditugun Fundación Kaqchikel eta Fundación Rigoberta Menchu Tum erakundeen eskutik hezkuntza munduko, administrazio publikoko eta hizkuntzen inguruko lanetan dabiltzan hainbat erakunde bisitatu ditugu: besteak beste ALGM (Hizkuntza Mayen Akademia), CNEM (Hezkuntza Mayaren Kontseilua), Hezkuntza Ministerioko Hezkuntza Elebiduneko arduradunak, San Carlos Unibertsitatea eta abar.
Egoera nahikoa zailean aurkitu ditugu gure Guatemalako lagunak. Hizkuntza maya gehienak galera izaten ari dira, arazo handiak ikusi ditugu estandarizaziorako, hezkuntzan egoera ez da batere samurra eta administrazio publikoen lana eskasegia. Nazioarteko krisi ekonomikoaren oihartzuna ere iritsi da gobernuz kanpoko erakundeetara eta proiektu berri eta diru faltan, langileak kaleratzen ari dira. Honek kezkatu egin gaitu bereziki, izan ere, beren ekimenak baino indar handiago duela dirudi nazioartetik joan dakiekeen laguntzak eta hau joaten ez bazaie noraezean ote dauden irudipenaz gelditzen gara.
Edozelan, behin baino gehiagotan nabarmendu dugunez, Guatemalan oraindik ere ilusioa eta indarra badituzte eta lanean segitzeko adorea erakutsi digute. Baita gurekin lankidetzan segitzeko ere. Aurten berriro gonbidatuko ditugu hango erakundeetako kideak gure truke programara. Eta itzuleran, Euskal Herriko esperientziak konpartitzeko eta elkarrekin lan egiteko konpromisoak hartu dituzte, sareak eta talde dinamikak sortuz. Batzuen eta besteen lanak hobeto koordinatu beharra aipagai izan dugu sarri gure bisitan ere.
Hezkuntza elebiduna vs. ikasle elebidunak
Galtzak bete lan dute hezkuntza beren hizkuntzetan egin ahal izateko.
Hezkuntza sisteman bi eskola mota dago, pribatua eta publikoa. Pribatuetan ez da hizkuntza mayik irakasten eta publikoan bi motatakoak ditugu, hiriburutan Educación Intercultural Bilingue (EIB) programatik kanpo daudenak, horietan ez da ematen eskolarik mayaz, eta bestetik nekazal inguruko EIBko eskolak. Hauetan gutxienez 45 minutu eman behar dituzte egunean baina kasu batzuetan hori ez da betetzen irakasleek hizkuntza ez dakitelako edo jakin arren ez dutelako interesgarri ikusten eskola mayaz ematea.
Irakasleek bono berezi bat jasotzen dute hizkuntza maya bat jakiteagatik baina kontrol zorrotzik ez dagoenez hizkuntza ez dakiten batzuek ere kobratzen dute.
Hizkuntza jakin gabe EIBko irakasle nolatan diren galdetu genien. Antza, kontua ahozko azterketa egiterakoan dago. Ebaluatzaile batzuk erosi egiten dituzte eta tituluak eman hizkuntza jakin ez arren.
Hezkuntza elebiduna ez dago arduradunen agendetan eta oro har hizkuntza ez da esentziala. EIBn dauden indigena askok ere ez dute ezer egiten postua galtzeko beldurragatik. Berez EIB egiten dela ziurtatzeko ikuskariak daude baina sarri ez dute beraien lana betetzen. Soldata oso baxuak dituzte eta askotan urrun dagoen eskolaren batera joan behar badute joan ere ez dira egiten.
Oro har dituzte soldata baxuak hezkuntzan: irakasleek 2.600 quetzal kobratzen dute, justu oinarrizko erosketa poltsatzat jotzen dutena.
Irakasleen formazio eskasa
Irakasleen prestakuntza eskolak 400 inguru dira eta hogeitan baino ez dituzte EIBko irakasleak formatzen, teorian. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan aritzeko Guatemalan irakasleak hezkuntza profesionaleko eskolatan (Eskola Normalak) formatzen dira, ez da beharrezkoa unibertsitate titulua.
Gero, bigarren hezkuntzan edo batxilergoan aritzeko irakasletza ikasketak egin behar dira unibertsitatean. Guatemalan unibertsitate publiko bakarra Usac da eta ondorioz hau arduratzen da gehien bat ministerioko eskola publikoetako irakasleak formatzeaz. Eskola pribatuetakoek nahiago dituzte unibertsitate pribatuetako irakasleak.
Sistema hau laster amaituko dela diote eta seguruenik hemendik gutxira denek lizentziatura beharrezko izango dutela eta Normala desagertu egingo dela.
Orain arte, gaizki dagoena konpondu nahian adabaki ugari jarri dituzte baina bidea hezkuntza endogenoa da. Hori da Garabidek azaldu dien ideia eta horretan bat datoz gure hango kideak ere.
Rigoberta Menchu fundazioa urteetan ari da irakasleak beren hizkuntzaren ezagutzan prestatuago egoteko eta berezko dituzten jakintzak barneratuz lanerako prestatzen. Horretan Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute Mugen Gainetik elkartearen programen bidez. Kaqchikel fundazioak ere beren hezkuntza propioa antolatzen hasteko asmoz irakasleak eta komunitateetako arduradunak prestatzeko egitasmoak ditu.
Hezkuntza publikoa ala pribatua
EBI Ministerio barrura sartu da, bere aurrekontua 15 milioi quetzaletik 51 milioira pasa da eta hurrengo urtean 110era pasatzea dute helburu. Era berean langile kopurua asko hazi da, orain 50 langile inguru daude, laster gainera hiriburutik departamentuetako hiriburuetara pasako dira eta 40 langile gehiago izango dira. Irakasleak ere hurrengo urtean 4.000 gehiago izatea espero da, ia 23.000 osatu arte.
Horiek dira datuetako batzuk. Baina datuez harantzago, ikasleak elebidun egiten laguntzeko eta hezkuntza beren hizkuntzetan emateko balio ez dien irudipena dute guk hitz egin dugun hainbatek.
EBI aldatzen saiatu edo euren eskola sare eta sistema propioa eraiki? Galdera hau dute esku artean. Eskola pribatuak sortzearena ez dute gustuko eta gainera indigena gehienak eskola publikoetan daudela diote. Dena den zaila ikusten dute estatuak bere gain ezer hartzea eta sistema hori aldatzea. Beraz hezkuntza berritzeko estrategiak ez dituzte batere argi.
Komunikabide gutxi
Irratiak badira hizkuntza mayetan, baina idatzizko komunikabiderik apenas. Bake akordioetan adostu zuten TV Maya egitea. Telebista martxan da baina arazo askorekin. Gaur egun 45 minutu baino ez ditu eskaintzen, gazteleraz gehienetan. Normalean aurretik grabatutako programak eskaintzen dira. Lan talde minimoa dute eta ez dute planifikazio handirik.
Bertako burua Ervin da. Bere esanetan diru askoko inbertsioa egin dute baina arazoak dituzte. Hizkuntza maya dakien komunikatzailerik ez dago, formazioa eman beharra dago komunitateetako pertsonei euren bideoak editatzeko. Itzulpen gelatxoak prest dituzte baina jakin gabe nola egin…
Ekuadorren telebisten sorrera laguntzeko egitasmoa dugula azaldu diegu eta hango esperientzien berri emango diegula.
Hizkuntza estandarrik ez
Unibertsitaterik ezean, komunikabiderik ezean, hizkuntza estandarizatuak erabiltzeko beharrik ez dute askok ikusten. Arazo hau da premia gorri honi ezin behar bezala heldurik ibiltzea azaltzen duena.
Hogeitabi hizkuntza dituzte mayek, lau edo bost nahikoa handiak, Kiché, Q´eqchi´, Kaqchikel, Man eta Q´anjob´al.
Q´eqchi´-a, besteak ez bezala, hazten ari da. 800.000 hiztun ditu egun. Inguruko beste hizkuntzek baino hiztun eta ospe handiagoa ditu eta besteak galtzen doazen bitartean hau gora doa. Gazteleradunek ere ikasten dute.
Hizkuntzen bateratzea oso garrantzitsutzat jotzen du Garabidek eta uste dugu hizkuntza gutxitua duten herrietan ezinbestekoa dela. Guatemalan ordea gehienek ez dute onartzen zein garrantzitsua izan daitekeen eta lokalismo eta erregionalismoak bultzatzen dituzte. Gramatikak-eta, asko, euren herrikoetakoak ateratzen ari dira. Jendea estandarizazioaren aurka dago estandarren beharrik ez duelako, beren hizkuntzak galdu egingo duen beldur direlako, besteak inposatu egingo ote dizkieten. Pedagogia asko egin beharra ikusi dugu.
Horretan Hizkuntza Mayen Akademiak protagonismo handia izan dezake. Orain arte beren erakundea gobernatzen nahikoa lan izan dute, baina. Bake akordioen ondorioz sortu zen baita ere, baina hizkuntza bakoitzak ordezkari bana du akademiako goi kontseiluan, eta honen baitan 3-4 laguneko talde exekutiboa, urtero aldatu beharrekoa. Ondorioz, luzera begirako lanik apenas egin duten, lanean hasteko moduan izaterako taldeak aldatu beharrean izan direlako.
Orain talde berria sartu da eta horien artean OKMA erakundean aritutakoak dira batzuk. Hauen lehentasuna agintaldiak luzatzekoa da. Oso lan interesgarria egin dezakete, OKMA akademiaren alde exekutiboa izan delako orain arte, alde teknikoak eta korpusaren garapena ekarri duen erakunde nagusia.
Gure esperientziak ezagutu nahi dituzte, Euskal Herrian bateratzea nola egin zen, aldeko eta kontrakoen jarrerak, izan ziren oztopoak, erabaki nagusiak, gakoak... Horretarako norbait Guatemalara aholkularitza lanetara joateko eskaera egin digute.