Abuztuan Iñaki Gonzalez, Arizmendiko irakasle eta Garabideren laguntzailea, eta Joanes Igeregi, Garabideko kidea, Guatemalan izan dira, Ruk'u'x Qatinamït sareko eskolekin batera formakuntza saio batzuetan parte hartzen.
Hasiera batean idazketa eta irakurketa metodologiak lantzeko joan baziren ere, beste helburu batzuei ere ekin ahal izan diete haien egonaldian. Alde batetik, sareko lau eskolen azken urteetako ibilbidea hobeto ezagutzeko aukera izan dute, eta bestetik, Arizmendiren eredu pedagogikoa eta Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza ere jorratu dituzte.
Landutako guztiak errealitatean eragina izateko asmoz, haien errealitatera egokitutako proiektu bat diseinatu dute eskoletako irakasleek, eta proiektu horren baitan ikasgai guztiak lantzeko proposamen bat egin dute, idazketa eta irakurketa barne. Azken urteetako bilakaeraren adierazgarri, eskoletako batean murgiltze eredua martxan dute dagoeneko, eta hurrengo urteetan lehen eta bigarren hezkuntza osora zabaltzeko asmoa dute.