2022ko apirilean jarri zen Garabiderekin kontaktuan ALMGko (Academia de Lenguas Mayas de Guatemala) Jose Aurelio Silvestre maia popti'-a, 2009an Garabidek antolatutako truke programako partaide izandakoa. Helburu argia zuen: Garabide eta ALMG hizkuntza lankidetzan aritzea. Garabidek, noski, baiezkoa eman eta elkarlanerako lehenengo pausu bezala, online formaziorako programa antolatu dugu.
Komeni da argitzea, ALMG Guatemalako 22 maia hizkuntzak biltzen dituen akademia dela. Hizkuntzatik hizkuntzara ezberdintasun handiak daude egoera soziolinguistikoari dagokionez, batzuk aipatzearren: haietako lauk milioi erdi hiztun eta milioi bat hiztun artean dute, beste zortzik 30.000-150.000 hiztun artean, eta gainerakoek 10.000 hiztun baino gutxiago; bestalde, hizkuntza batzuk oso hurbilak dira eta oso erraz ulertzen diote elkarri, baina beste batzuk Gaztelania eta Alemanera bezain urrun daude elkarrengandik. Edozelan, ia hizkuntza guztiak ari dira atzera egiten, guztiek dituzte gaztelaniaz bakarrik bete daitezkeen zenbait funtzio, eta guztietan ari da transmisioa eteten herrigune nagusietatik hasita.
Historia hurbilari erreparatzen badiogu, 1996ko bake akordioak sinatu zirenean estatuak maia hizkuntzen aldeko zenbait neurri hartzeko konpromisoa hartu zuen, baina kasu gehienetan ez du inolako baliabiderik jarri konpromisoak gorpuzteko. Hain zuzen ere, ALMG da estatuaren baliabideekin finantzatzen den maia hizkuntzen aldeko erakunde bakarretakoa. Gainera, erakunde erdi autonomoa da: estatuaren finantzazioarekin eta estatuaren legedipean funtzionatzen du, baina hizkuntza komunitateetako norbanako bazkideek aukeratzen dituzte akademietako zuzendaritza batzordeak.
Antolaketa ereduari dagokionez, Guatemalako hizkuntza bakoitzak akademia bat dauka, eta guztiak akademia zentral batean batuta daude. Akademia zentralak estrategia orokorrak finkatzen ditu, TV Maya izeneko telebista katea dauka, estatuaren dirua 22 akademien artean banatzen du eta zenbait zerbitzu komun ematen ditu. Bestalde, akademia bakoitzak zenbait biziberritze arlo lantzen ditu: batez ere ikerketa (estandarizazioa, gramatikak, terminologia, hiztegigintza...), helduen maiaduntzea eta alfabetatzea, estatuaren dokumentu ofizialen itzulpena eta komunikazioa (irratian eta sare sozialetan batez ere). Hizkuntza akademia gehienek haien hizkuntzan egiten dute lan ahoz, baina gaztelaniaz idatzian. Zentralak, berriz, gaztelaniaz funtzionatzen du, hiriburuan dagoelako eta elkarri ulertzen ez dioten hizkuntza komunitateetako kideak batzen dituelako. TV Mayak ere nagusiki gaztelaniaz emititzen du, arrazoi beragatik.
Beraz, testuinguru horretan ekin genion elkarlanari. Aipatutako lehenengo online formazioa iraila amaieran egin genuen ALMGko kide guztiekin. Zehazki, 2 orduko saioa eskaini zen hizkuntza bat biziberritzeko prozesua kokatu eta biziberritze estrategia nagusiak azaltzeko. Hasieran Joanes Igeregi garabidetarrak dinamika labur bat egin zuen maia hizkuntzak galtzeko partaideek zein arrazoi nabarmentzen zituzten ikusteko eta gero Jon Sarasuak hizkuntzak biziberritzeko gako nagusiak azaldu zituen.
Hurrengo bi saioak azaroaren 21eko astean eta abenduaren 12koan izango dira eta akademiak erabaki du langile guztiak hiru taldetan banatzea:
- Batetik, zuzendaritza arlokoekin biziberritze estrategien eta hizkuntza plangintzaren inguruko formazioa emateko eskatu diote Garabideri eta horretan arituko dira Iñaki Martinez de Luna, Viviana Gonzalez, Jon Sarasua eta Joanes Igeregi.
- Bigarrenik, administrazio eta finantza arloez arduratzen direnekin sentsibilizazio ekintzak egin nahi dituzte eta horri buruzko bi saio eskainiko ditu EMUNeko Txerra Rodriguezek.
- Azkenik, teknikariei biziberritze arlo zehatzen inguruko formazioa emateko eskatu diote Garabideri, akademiak lantzen dituen lau biziberritze arloak oinarri hartuta. Arkaitz Zarragak emango du helduen euskalduntzeari buruzko saioa, Lurdes Auzmendik itzulpengintzari buruzkoa eta ikerketaren ingurukoa Andoni Barreñak.
Esan bezala, izan bedi online formazio hau bide luze eta emankorreko lehen urratsa!