Albisteak

Garabidetarrok lekukoa hartzeko prest

2024/03/12

Badator Korrikaren 23. edizioa, badator euskararen aldeko ekimen erraldoia. Milaka lagunek Euskal Herria zeharkatuko dugu euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta AEKren eguneroko lana indartzeko dirua biltzea helburu. 2.500 kilometro baino gehiago korrika martxoaren 14tik 24ra.

Ekimenaren inguruan sortzen den mugimenduak Euskal Herriko jendarteak bere hizkuntza berreskuratzearen alde egindako hautua erakusten du. Garabiden ere euskara eta oro har hizkuntza gutxituak biziberritzeko lanean segitzen dugu, ttipi-ttapa baina indartsu lasterketa luze bezain ederrean.

Ildo horretan, Garabidek bere ekarpena egin nahi izan dio aurtengo Korrikari, eta besteak beste, kilometro bat eskuratu dugu Arabako Mendialdean. Hala, Garabideren lagun guztiak gonbidatu nahi ditugu martxoaren 18an Urizaharratik Armentiako Bentetara bidean elkarrekin 23. Korrikan parte hartzera eta gure hizkuntza gutxituari harrotasunez hauspoa ematera. Hona lekukoa hartuko dugun kilometroaren informazio zehatza:

Km-zenbakia: 936B

– Tokia: Urizaharratik Armentiako Bentetara bidean, BU-750 errepidean, Km 13 seinaletik 500 metrotara (hemen kokapena).

– Eguna eta ordua: Martxoaren 18an, astelehenez, 10:48ean (15-20 minutu lehenago bertaratzea komeni da).
 

Gainera, Garabidek bere egin du Korrikaren Hizkuntza Gutxituen Erronka, alegia hizkuntza-komunitatearen eta herri-harrotasunaren garrantzia aldarrikatu nahi duen ekimena. Eta, munduko bazter guztietan zabaldu nahi den aldarrikapen mezua ahalik eta hizkuntza gutxitu gehienetara itzultzen ari gara (ikus erronka hemen).

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus