Eusko Ikaskuntzak eta Baionako hiriak urtero saritzen dituzte Euskal Herriko Iparraldeari edota Baionari buruzko ikerketa eta sorkuntza lanak 3 ataletan: batetik, ohorezko saria ematen da, bestetik kultur tesi sariak Euskal Herriaz ari den doktoretza lan bat eskertzen du eta, azkenik, bideo-sorkuntza sariaren bidez bideogintzan egiten diren lanak bultzatzen dira. Hori horrela, 2018ko saridunak ondokoak izan dira:
- Ohorezko Jean-Michel Larrasquet Saria Kepa Akixori emana izan zaio, Zigor artista izenaren pean zizelkari, margolari eta argazkilariari.
- Kultur tesi saria Viriginie Brillant Etchemaiteri eskainia zaio La Perspective transfrontalière de l’emploi dans l’Eurorégion Aquitaine-Euskadi lanarentzat.
- Bideo dokumental saria Mai da Bai (eta ezetzik ez dago) filmari eskainia zaio, Imanol Eppherre, Eider Ballina Mondragon eta Anne Baskaran egileei.
Sari banaketa joan den abenduaren 14ean ospatu zen Baionako herriko etxeko saloi handian eta 80 pertsonatik gora bildu ziren bertan. Eguzki Urteaga Eusko Ikaskuntza Iparraldeko lehendakariak eta Baionako udaleko kultur arduradunak hitza hartu ondotik sarien banaketari Anne-Marie Galé Eusko Ikaskuntzako kideak ekin zion eta Zigor-en lana eskertzeko bi Goicoechea buztin lorontzi oparitu zizkion. Gero Argitxu Etxandik Virginie Brillan Etchemaiteren ikerketa lana saritzeko bere gurasoei eman zien saria, Virginie atzerrian bizi baita. Azkenik, Argitxu Camus Etchecopar, Euskararen eta goi-mailako ikasketen lehendakari ordea denak, Mai da Bai dokumentalaren egileetako bati, Anne Baskarani, eman zion saria.
Dokumentalaren egileen hitzetan "Asko poztu gaitu sariak, eta harritu, ez genuen espero " eta Garabiden ere pozez hartu zen berria. Aipatzekoa da egileen lehen lana izanagatik ere kalitate handiko dokumentala dela eta, edukiari dagokionez, gutxi direla hizkuntza lankidetza ardatz duten ikus-entzunezko lanak. Horrez gain, nabarmentzekoa da proiektuaren oinarrian dagoen elkarlana: batetik, Garabidek munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen dituelako bertako eragileekin elkarlanean hizkuntza lankidetzaren bidez eta, bestetik, 2015ean ekin zitzaiolako urtero hizkuntza komunitateekin egindako lana ikus-entzunezkoetan biltzen Mondragon Unibertsitateko ikasleekin batera, urtero Garabidek hizkuntza komunitate bat proposatzen baitu eta, beraz, ikus-entzunezko Komunikazio graduko ikasleek aukera dute Gradu Amaierako Lan gisa dokumentala burutzeko. Hauek dira azken urteotan garatutako lanak:
- Beltzean mintzo, 2015, lehen aldiz 7 hizkuntza komunitateko 14 pertsonek euskararen herriari buruzko beraien gogoetak oparitu dizkigute, beraien hizkuntzaren egoeraz eta euskararengandik ikas dezaketenaz hitz egiten digute eta guk haiengandik ere ikasteko aukera eskaini. Egileak: Andrea Venegas, Ander Bolibar, Aiala Albarran, Jon Sarasua eta Sara Mijangos.
- Argia iluntasunean, 2016, Mexikoko nahuatl hizkuntzaren biziberritze esperientzia erakusten du TOSEPAN kooperatiba taldean. Egileak: Nekane Muñoz Poza, Maider Navarro eta Ane Urkola.
- asNASA txiKITXUAK, 2017, bi hizkuntza biziberritze proiektu dokumentatzen ditu: Kolonbiako Nasa herriarena eta Ekuadorreko Kitxuarena. Egileak: Sara Mijangos, Nagore Olmos eta Igone Cerio.
- Mai da bai (eta ezetzik ez dago), 2018, maputxeen mapuzugun hizkuntzaren biziberritzea biltzen duen ikus-entzunezkoa. Egileak: Anne Baskaran, Imanol Eppherre eta Eider Ballina.
Dokumentalaren aurre-estreinaldia 2018ko udan egin zen Gasteizen, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketan (HIGA), eta estreinaldia Biarritzen egin zen irailean, Festival de Biarritz Amérique Latine zinema jaialdiaren baitan. Horrez gain, Barañain, Oiartzun, Orio, Aramaio eta Anoetan egin dira proiekzioak Euskal Herrian eta Wallmapun, maputxeen lurretan, Ficwallmapu zinema indigena jaialdian, Santiagon, Valdivian, Concepcionen, Temucon eta Barilochen. Ozeanoaren bi aldeetan oso harrera ona izan du film laburrak eta, beraz, aurki iragarriko ditugu 2019an egingo diren proiekzioak.