Albisteak

Garabiden genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesua martxan

2020/07/20

Garabide Elkartean sorrera-sorreratik argi dugu parekidetasuna eta genero-berdintasuna lantzea eta praktikatzea ezinbesteko osagaia dela hizkuntza-lankidetza eraginkor eta kalitatezkoa gauzatu ahal izateko. Kooperazio linguistikoa emakumeak ahalduntzeko baliabidea ere badela sinetsi izan dugu gure erakundeak bete dituen hamabost urteotan eta hori ikustarazteko lanean dihardugu orain ere. 

 

Hala ere, aitortu beharra daukagu orain arte ez dugula lortu genero berdintasun diagnostiko eta planik sistematizatzerik; batetik, Garabideren lantaldeak sorreratik izan duen dimentsio txikiak deialdietatik kanpo uzten gintuelako eta, bestetik, egunerokotasunak dakarren biziraupen premia eta bestelako inertziek prozesu hau atzeratzera eraman izan gaituztelako etengabe. Dena den, 2018an egoerak zertxobait egin zuen hobera: Garabideko lantalde teknikoaren dimentsioa eta funtzioak egonkortze aldera egin zuten eta genero berdintasunaren aldeko ekintza planaren beharraz kontzientziaturik –eta horrek suposatzen duen barne hausnarketa eta lanketarako gogotsu–, barne-eraldaketa prozesuari ekiteko unea zela iritzi genion. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak GBA edo genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesua bultzatzeko lankidetza-erakundeei ematen dizkien laguntza deialdira aurkeztu ginen 2018an eta 2019an. Lehenengoan ez, baina bigarrenean lortu genuen laguntza eta 2020 urte hasieran ekin genion bideari.

 

Funtsean, barne-eraldaketa prozesu honek lau fase ditu: diagnostikoa, plana, inplementazioa eta ebaluazioa. Lortutako laguntzari esker datozen bi urteetan diagnostikoa eta plana egingo ditugu Garabiden. Diagnostiko eraldatzaile eta parte-hartzaile honetan murgilduko gara badakigulako prozesu honek hausnarketa kolektibo batera eramango gaituela eta gure proiektuetan txertatu beharreko genero-ikuspegitik harago, gure lan kulturan ere eragina izango duela. Badakigu, halaber, genero diagnostikoak eramango gaituela, besteak beste, gure politikak, berdintasunaren alde aurretik egin ditugun lanak, antolaketa-kultura, lanaren barne-prozesuak, erabakiak hartzeko moduak, komunikazioa, pertsonen kudeaketa eta jarrerak aztertzera eta horietan jarri nahi dugu fokoa benetako salto kualitatiboa emateko. 

 

Prozesu hau beneran parte hartzailea izan dadin Garabiden parte hartzeko modu guztiak barnebildu nahi ditugu eta, beraz, garabidetar guztiei zabalik dago: boluntarioak, bazkideak, zuzendaritza, kontseilu nagusia, babesleak, lan talde teknikoa... aldi berean, sistematikoki jardungo dugu eta horretarako 3 figura sortu ditugu propio prozesurako: 6 kideko genero taldea (Garabiden parte hartzkeo modu desberdinak batzen dituena eta prozesua bultzatuko duena), genero erreferentea (Garabideko lan talde teknikoko kidea, prozesua koordinatzen duena) eta kanpo aholkularitza (diagnostiko eta plana osatzeko aholkularitza teknikoaren ardura duena). Perfil aniztasuna eta operatibotasuna uztartzeko hauek dira kideak:

Genero taldea:

  • Marisa Barrena
  • Ane Pedruzo
  • Ander Bolibar
  • Maiteder Sasieta
  • Iñaki Martinez de Luna
  • Maialen Sobrino

Genero erreferentea:

  • Maialen Sobrino

Kanpo aholkularitza - EMUN:

  • Sonia Etxenausia

 

Diagnostikoa egiteko orduan metodologia parte-hartzailea izateaz gain eskuineko irudian laburbilduta bildu nahi izan dugun Tichy deitutako markoan oinarrituko gara. Hitz gutxitan esateko, marko honek erakundearen kulturako osagai ezberdinak kontutan hartzen ditu.

 

Datozen hilabeteetan garabidetarren inplikazioa aktiboki bilatuko dugu prozesuan eta lanketaren berri emango dugu webgunean eta sare sozialetan: instagram, twitter eta facebook. Halaber, prozesun honekin lotutako hainbat material interesgarri jarriko ditugu eskura gure webguneko dokumentuak atalean eta, noski, ekarpenak ongietorriak izango dira.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus