Martxan da Garabide elkarteak antolatu duen hizkuntzen biziberritze prozesuen inguruko lehen on-line ikastaroa. Egitasmoan buru-belarri ari den Maddi Iñarra garabidetarrak xehetasunak ematen dizkigu lerro hauetan.
- Zer dela eta ekin dio Garabidek on-line formazioari?
Batetik, pandemia egoera dela eta, geroz eta zailagoa zaigu gure ohiko formazioak era presentzialean egitea, bidaiatzeko eta taldean elkartzeko dauden zailtasunak direla eta. Bestetik, jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat eman nahi izan dugu; formatu berri honek ahalbidetzen digulako gure eskaintza dibertsifikatzea eta aldi berean jende gehiagorengana iristea.
- Zeintzuk dira martxan den lehen ikastaro honen ezaugarri nagusiak?
Formatuari dagokionez, partaideei aukera ematen diela kurtsoa beraien erritmoan jarraitzeko. Plataforman hainbat baliabide (bideoak, testuak, aurkezpenak…) eskegi ditugu ikasleek ahal dutenean landu ditzaten. Aldi berean, zuzeneko saio presentzialak ere eskaintzen ditugu irakasleekin interakzioa izan dezaten. Saio horiek modu sinkronoan (unean bertan konektatuz) edo asinkronoan (saioaren grabazioa aurrerago ikusiz) jarraitzeko aukera dago, ikasleen egoera eta beharretara ahalik eta era malguenean egokitzeko.
Edukiari dagokionez, gure formazio proiektu ezagunena den Aditu Ikastaroaren oinarrizko edukiak biltzen ditu kurtso honek. Partaideei Adituak baino dedikazio txikiagoa eskatzen die (40 ordu, Adituaren 3 hilabeteekin alderatuz) eta, beraz, hizkuntza biziberritzeko oinarrizko gakoetan zentratu gara.
- Zein da ikastaroaren publiko objetiboa?
Beraien komunitateetan beraien hizkuntzaren alde lanean ari diren eragileak dira, hizkuntza biziberritze prozesuetan murgildurik daudenak. Lehen edizio honetan ditugu parte hartzaile mixé-ak eta yucatango maiak Mexikotik, kaqchikel-ak eta kiché-ak Guatemalatik, kitxuak Ekuadorretik, guaraniak eta quechuak Boliviatik, nasak Kolonbiatik, amazigh-ak Ipar Afrikatik eta maputxeak Wallmapu-tik (Txile).
- Zer nolako erantzuna izan du?
Oso erantzun ona izan du. Jada Euskal Herrian gure formaziotan izandakoek ere parte hartu nahi izan dute! Lehen edizioa izanik, neurria hartu nahi genion eta 35 partaide onarturik, hainbati esan behar izan diogu ezetz.
- Ekimenak izango al du jarraipenik?
Hala nahiko genuke. Asmoa da 2021ean kurtso hau frantsesez eskaintzea batez ere Afrikako hizkuntza komunitate gutxituei (bereziki amazigh-ei) begira. Eskaera handia jaso dugu amazigh-en partetik eta kurtsoa frantsesez eskaintzeko erronkari erantzun nahiko genioke. Horretaz gain, ikusirik aurten hainbat eragile kanpoan geratu direla, edizio gehiago egin nahiko genituzke guztiei emateko kurtso honek eskaintzen duena jasotzeko aukera.