Txikiak Handi munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzeko eta haien arteko zubiak eraikitzeko Nafarroa Oinezen sortutako egitasmo iraunkorra da, eta ugariak dira orain arte Europa eta munduko hizkuntza gutxituekin izandako hartu-emanak. Horietako bat 2011.urtean sortu zen, Garabide elkarteari esker, Ameriketako jatorrizko hizkuntzen egoera ezagutzeko aukera izan genuenean. Urte horretan, Nafarroan izan genituen hizkuntza hauetako zenbait ordezkari. Tafallako ikastola eta zonalde horretako errealitate soziolinguistikoa ezagutu zuten (Tafallako ikastolak antolatzen zuen Nafarroa Oinez); eta, gainera, guk beraien hizkuntzen eta kulturen errealitatea ezagutzeko aukera izan genuen.
Garabide elkartea hizkuntza-lankidetza egiten duen irabazi asmorik gabeko elkartea da. Helburu nagusia euskararen herrian metatu den hizkuntza-berreskurapen esperientzia beste hizkuntza gutxitu batzuekin partekatzea da. Horretan dihardu munduko hainbat txokoetako jatorrizko hizkuntzekin; eta, oraingo honetan, Garabideko lagunak Tuterara heldu zaizkigu apirilaren 4an “Mai da bai eta ezetzik ez dago” laburmetrai dokumentala aurkeztera.
Hogei urteko bizi esperantza ematen diote maputxeen mapuzugun hizkuntzari. Gaur egungo haurrak heldu bihurtzerako, hila izan daiteke. Baina halabehar horren aurka ari denik ere bada, Mapuzugulentuaiñ elkartea esaterako. Dokumentala biziberritze prozesu horretaz ari da, hain zuzen ere. Garabideren eskutik, Imanol Eppherre, Eider Ballina eta Anne Baskaran Wallmapuraino joan dira, errealitate hori pantailara eramateko.
Zer ari da gertatzen Ameriketako jatorrizko hizkuntzekin? Zer ari dira egiten maputxeen hizkuntza eta kultura biziberritzeko prozesuan? Nola ikusten gaituzte euskaldunok gainerako hizkuntza gutxituetako hiztunek? Lagun al dakieke euskal esperientziak beraien hizkuntza berreskuratzeko prozesuan? Dokumentalak galdera hauei eta beste batzuei erantzuna eman nahi die. Dokumentala ikusi eta gero, Garabideko ordezkariek solasaldia gidatuko dute.
Horrekin batera, Nazio Batuen Erakundeak 2019.urtea Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu duela kontuan izanik, hurrengo egunean, apirilak 5, KORRIKAko hiru kilometro eginen dituzte zenbait gizarte eragilek, tartean Garabidek eta Txikiak Handik, hizkuntza indigenen alde. Beraz, hona Tuteran ditugun bi hitzorduak:
“MAI DA BAI ETA EZETZIK EZ DAGO”
LABURMETRAI DOKUMENTALAREN AURKEZPENA ETA SOLASALDIA
APIRILAREN 4an, 19:00etan, TUTERAKO RUA GIZARTE ETXEAN
HIZKUNTZA INDIGENEN ALDEKO 3 KILOMETROAK KORRIKAN
APIRILAREN 5ean, 11:40ean, 211. KILOMETROAN TUTERA-ALESBES ARTEAN