Garabide Elkarteko bi lagun Kolonbian izan gara bidaian 2011ko azaroan. Lehendabiziko aldia izan da Garabidek herrialde honetara bidaia egiten duela. Orotara 68 herri indigena daude Kolonbian eta horietarik 62 hizkuntza daude bizirik, gehienak hiztun kopuru txikikoak. Guk horien artean, embera hizkuntza (80.000 hiztun inguru) eta nasa yuwe hizkuntzarekin (186.000 hiztun inguru) izan dugu harremana.
Alde batetik, EHU-ren Unesco Katedrak Chocó departamentuan embera komunitatearekin duen proiektu batetan parte hartu dugu, embera hizkuntza orain arte hizkuntza agrafoa izan dela eta, estreineko aldiz idazkuntza prozesuarekin hasteko erabakia hartu baitute. Bertako esperientzia 18. komunitatea izeneko “babesleku indigenan” garatu da alfabeto ilustratua osatzeko mintegiei jarraipena emanez eta hiztegi ilustratu bat egiteko tailerrak antolatuz. Asmo nagusia, hezkuntza esparruan idazkuntza eta irakurketarako material pedagokigoen sorkuntza izan da eta horretan urrats txikiak baina garrantzitsuak ematen ari da emberen hizkuntza komunitatea.
Bestalde, Cauca departamenduan tokiko errealitatea bertatik bertara ezagutu ahal izan dugu CRIC (Consejo Regional Indígena del Cauca) erakundearen eskutik eta zehazki nasa herriaren baitan murgilduz. Bertako zonalde desberdinetako komunitate indigenak eta eskolak bertatik bertara ezagutzeaz gain, bertako hezitzaile, ikasle eta eragileekin egon ahal izan gara eta nasa yuwe hizkuntzak bizi duen egoera soziolinguistikoa eta hezkuntza esparruan egin asmo dituzten proiektuak ezagutu eta elkarren esperientziak trukatu ahal izan ditugu. Hizkuntza tokian-toki bizirik dagoela ikusi ahal izan dugu, nahiz eta komunitatea batzuetan ia erabat galduta duten eta beste zenbaitetan galera zantzuak nabaritze hasi diren, batez ere haur eta gazte hiztunek haien artean geroz eta gutxiago hitz egiten dutelarik. Era berean, haur hezkuntzako eskolak nasa yuwe hizkuntzan murgiltzeko apustu sendoa egin dute (Fxiw Yat-Hazien Etxea), hezitzaileek, proiektu pedagokiko osoak zein pasaia linguistikoak oso-osorik nasa yuwez jardunez. Halaber, Cauca-ko mugimendu indigena Hezkuntza Sistema Indigena Propiorako proposamena eraikitzen ari da, eta beraren kudeaketa eta burujabetza eskuratzeko asmoz gobernuarekin negoziazio prozesu bat irekitzen ari da. Ewxça nasa herria!
Azkenik, Bogotán erakunde desberdinekin bilera sorta bat egin genuen, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Kolonbiako Cultura Ministerioarekin sinaturiko hitzarmen markoaren baitan aukerak aztertzeko. Hartara, besteak beste Kultura Ministerioarekin, Jon Landaburu hizkuntzalariarekin, Eusko Jaurlaritzako Kolonbiako Ordezkaritzakoekin, Mundubat-eko ordezkariarekin, Agència Catalana de Cooperació al Desenvolupament-eko Kolonbiako ordezkaritzarekin, etab.
Bidaia interesgarria izan da, esperientzia oso intentsoa eta aberasgarria inondik inora. Kolonbia bezalako herrialde batetan dauden aldagai politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalek eragiten duten eskenatoki gogor eta gordin batetan, etorkizuna eraikitzen jarraitu daitekeenaren erakusle garbia. Mila esker bidelagun izan ditugun adiskide, erakunde eta komunitate guzti-guztiei!