Albisteak

Garabide Guatemalan

2015/01/01
Garabide ez da Guatemalara iritsi berria: hainbat urtez etorri izan dira Guatemalarrak truke programetan zein 2011ko Aditu Tituluan parte hartzera, eta horrez gain, Joanes Igeregi sopelarrak hamaika hilabete daramatza bertan lanean. Azken asteetan, ordea, Garabideko beste ordezkari bat joan zaio bisitan, egiten ari diren lana ezagutzeko. Ondoren bulegotik lana koordinatu eta jarraipen egokia eman ahal izateko, bertatik bertara ezagutu nahi dugu Guatemalako zatitxo bat.
 
Joanes Chimaltenango eskualdeko hiriburuan bizi da; izen bereko hirian. Guatemalako hiriburutik 54km-ra dago Chimaltenango. Eskualdea bera, hamasei herrik osatzen dute, eta orohar, Kaqchikelera, hizkuntza maietako bat, hitz egiten da bertan (XVI. mendean ezagutu zuten gaztelaniaz gain, noski). Hiriguneetatik oso urrun dauden eskualdeetan izan ezik, Kaqchikeleraren transmisioak behera egin du azken hamarkadetan, eta gero eta hiztun gutxiago dauzkan hizkuntza da (nahiz eta Guatemalan hiztun gehien dituen hizkuntzetako bat izan, k’iche’era, mamera eta q’eqchi’erarekin batera). Gazteak eta haurrak dira Kaqchikelera gutxien hitz egiten dutenak, eta eskualdeko zenbait eragile oso kezkatuta daude.
 
Hezkuntza sistemaren inguruko legediak, berez, bermatu egiten du, teorian, haur indigenen jatorrizko hizkuntzan ikasteko eskubidea (haur eskoletan ehuneko ehunean, eta lehen zein bigarren hezkuntzan hein handi batean), EBI (Kultura arteko Hezkuntza Elebiduna) programaren bitartez. Errealitatea, ordea, oso urrun dago legeek diotenetik. Hezkuntza “elebidun eta kulturartekoa” eskaintzen den eskoletan bertan, maiz egin ohi den bakarra kaqchikelera ikasgai gisa eskaintzea da (astean 3-5 orduz gehienez) eta sarri metodologia ez da egokiena izaten, tamalez (ohikoena hitz zerrendak erakustea izan ohi da, gaztelaniazko hitza esan, kaqchikelerazko ordaina eman, eta buruz ikasaraziz). Garabidek egiten duen irakurketaren arabera, Guatemalako gobernuak ez du egiazko borondaterik hizkuntza gutxituen etorkizuna bermatzeko, eta indigenen eskubideen defentsarako sortutako legeak ez dira aplikatuko epe motz edo ertainean behintzat. Itxaropena, beraz, gobernuaren botere esparruetatik kanpo ikusten dugu.
Hala, azken sei hilabeteotan, proiektu berezi baten sorreran parte hartzen dihardu Joanesek. Izan ere, Chimaltenango eskualdeko lau eskola pribatuk (izatez eskola komunitario gisa definitzen dira, baina legediak publiko ala pribatu gisa sailkatzen ditu eskolak) ekimen bat abiatu dute: datorren ikasturtetik aurrera, haur hezkuntza erabat kaqchikeleraz egiteko erabakia hartzeaz gain, elkarlanerako dinamika bat jarri dute martxan lehen hezkuntzan kaqchikelera ikasgaiaz gain kirol heziketa zein arte hezkuntza ere jatorrizko hizkuntzan irakasteko. Halaber, eskoletako langileen arteko komunikazio hizkuntza kaqchikelera izan dadin, metodologia berri bat sortzen ari dira. Pixkanaka, eskolako jarduna erabat kaqchikelerazkoa bihurtzea dute helburu. Oztopoak oztopo, lanean dihardute eskola hauetako langile zein gurasoek, eta guk haien bidelagun izan nahi dugu, hala nahi duten artean bederen.
 
Bidaide xume bezain eraginkor izateko asmoz, Chimaltenangon izan garen bi asteotan, ahal bezain sakon eta xehe ezagutu nahi izan dugu hezkuntza maiaren inguruko eragile-sarea. Hala, aipatu ditugun lau eskola hauetako irakasle, guraso zein zuzendaritza batzordeekin bildu gara, eta baita beste eskola batzuekin, zein Educación Bilingüe Intercultural-eko ministro ordearekin, ALMG-ren(Guatemalako Hizkuntza Maien Akademia) menpeko “Kaqchikel Cholchi”-rekin (Hizkuntza Komunitate kaqchikela), besteak beste.
 
Ilusioz itzuli gara Euskal Herrira, eta bide luze eta oparoa opa diogu proiektuari. Hala bedi!

 

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus