Garabide Elkarteak eta Beasaingo Udalak lau urterako hitzarmena sinatu berri dute hizkuntza lankidetzari bide egiteko. Aitor Aldasoro Beasaingo alkatearen hitzetan “horrela garapen bidean dauden herrialdeei eskainiko zaien laguntzaren barruan kooperazio linguistikoa bultzatu nahi da, herrialdeen nortasunaren alde eginez”. Udaletik nabarmendu nahi izan dute euskal hizkuntza lankidetzaren balio estrategikoa, kooperazio klasikoaren eredu asistentzialistatik urrunduta euskaratik pentsatu dezagun zein ekarpen bereizgarri dugun egiteko euskaldunok lankidetzaren alorrean.
Akordio honen testuinguruan dago, hain zuzen ere, pasa den irailean Ikastaldi Trinkoaren baitan Beasainen egindako saioan. Batetik, udal euskaltegiko zuzendari Mari Paz Martinek hartu formazioa eskaini zien 9 hizkuntza gutxituetako 12 ordezkariei euskarak azken hamarkadetan egin duen biziberritze prozesuaren gako nagusiak azaltzeko eta, ondoren, euskaltegiko irakasle den Jon Antxiak helduen alfabetatzeari buruzko saioa eskaini zuen.
Horrez gain, Aitor Aldasoro alkateak harrera egin zien Beasaingo udaletxean eta Ane Barandiaran euskara teknikariak euskara zerbitzua aurkeztu zuen, instituzioen baitan euskararen biziberritzerako egi(te)n diren bideen erakusgarri.
Bukatzeko, ekitaldi publiko bat ere egon zen Beasaingo Igartza jauregian. Solasaldi irekian aritu ziren bertaratutakoekin garabideko kide bat eta ordezkari maputxe, amazigh eta nahuatl bana.