2019 urtea Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu zutenetik hainbat ekimen antolatu dira munduan zehar, eta esan liteke hizkuntzen biziberritzearen inguruko kontzientzia areagotzeko balio izan duela izendapen honek, baita estatu zentralistenetan ere.
Estatu horietako bat izan daiteke Txile, Hegoamerikako estatu gazteenetariko bat. XIX. Mendera arte azalera txikia zuen herrialdeak, baina armada indartsu bati eskerrak Bolivia eta Peruri puska bat jan zien iparraldean, eta jarraian maputxeei euren askatasuna kendu zieten, hegoaldean. Hainbat herri bizi dira Txilen eta hitz egiten diren hizkuntza indigenak sei dira: mapuzunguna, aimara, quechua, kawesqar, yagan eta rapa nuia. Haien arteko alderaketa eginez oso ezaugarri, egoera eta historia ezberdinak dituzten hizkuntzak dira sei hauek, eta ckunza hizkuntza ere gehitu genezake, hiztunik ez baina berpizte bidean dagoen Atakamako hizkuntza.
Rapa Nuiak anai-arreba polinesiarrei begira bizi dira ezer baino gehiago, eta euren autonomia jarri nahi dute praktikan, baita hezkuntzan ere. Estatuaren hegoaldeko muturrean Kawesqar eta yagan hizkuntzetako hiztunek, 100 eta 1000 artean, euren komunitatearen biziraupena dute helburu, baldintza ekonomiko eta natural eskasetan. Iparraldeko beste muturrean aymara eta quechuek hizkuntza-komunitate bana sortu behar izan dute euren kabuz, kilometro gutxira, mugaren bestaldean, ibilbide hori egina duten ahaideak dituzten arren. Zonalde berdinean ckunza hiztunak sortzea du helburu likanantay herriak (atacameño, gaztelaniaz) eta euren hizkuntza berreskuratze bidean daude, poliki poliki. Eta bukatzeko, maputxeak daude: hiztun eta aldarrikapen aldetik kilometro batzuk aurrerago dagoen herri zatitu eta zapaldua.
Edonola ere, 2019 urtearen aitzakian Txileko Kultura, Arte eta Ondare Ministerioak “Hizkuntzak Biziberritze-esperientziak Nazioarteko Kongresua” antolatu zuen Temukon (Wallmapu) eta Santiagon. Egitaraua ia berdina zen bi tokietan, baina antolatzaileen esanetan, Txile bezalako herrialde batean maputxeen eskualdean nazioarteko kongresu bat antolatzea ez legoke ondo ikusia, baina maputxerik gabe ere ez litzateke berdina izango, giro eta parte-hartze aldetik.
Bertara joateko gonbidapena jaso genuenean, Hegoamerika lasai zegoen eta munduak, norbaiti begiratzen bazion, Kurdistan eta Kataluniari begiratzen zion. Baina igo zuten Santiagoko metroko txartelaren prezioa eta horrekin eztanda egin zuen Txileko naipe gaztelu hauskorrak, azken hamarkadetan hiritarrak kapitalismo basatienean ito dituen estatua, hain zuzen ere. Istiluak luzatzen joan ziren eta azaroaren lehen astean egin behar zen kongresua azaroaren azkenengora atzeratu zuten, pentsatuz tarte horretan dena konponduko zela. Baina ez da horrela izan.
Gauzak honela, kongresua ezin momentu interesgarriago batean egin zen, izan ere, mobilizazioen aldarrikapenek egiturazko aldaketa sakonak eskatzen dizkiote Estatuari eta Prozesu Eratzaileaz ere hitz egin da, Konstituzio berri bat egiteko. Berezko herri eta hizkuntzen alde egiten duten txiletarrek bizilagun duten Boliviar Estatu Plurinazionala (kasualitatea) hartu dute eredu bezala euren eskarietan eta dena hitz egiteke eta adosteke dago. Hori dela eta, Txileko Gobernuaren baitako Jatorrizko Herrien Idazkaritzak antolatutako kongresu honek estatuko hizkuntza-komunitateak elkarrekin biltzea zuen helburu, elkarrengandik ikasteko eta adostasunetara iritsi ahal izateko. Horretaz gain, nazioarteko ahots batzuk ere gehitu zituen egitarauean, hots, Peruko quechuak, Boliviako aimarak, katalanak eta euskaldunak. Kongresua hiru gai nagusitan banatuta zegoen eta Garabidek hiru hitzaldi eman zituen: euskararen biziberritze prozesua, hizkuntzen biziberritzea ikasgelatik kanpo eta kultura eta hizkuntzen biziberritzea.
Kongresuaren bi ekitaldietan hitzaldi eta egoera interesgarriak entzun genituen, nahiz eta oso ezberdina izan zen Temuko eta Santiagon bizitakoa. Temukon 100 lagun inguru bertaratu ziren kongresuan parte-hartzera, bistan denez gehienak maputxeak, eta giro bero eta parte-hartzailea egon zen. Mapuzuguletuaiñ erakundeak (Garabideren bidaideak) ere bere alea jarri zuen eta parte-hartzaileetako asko haiei eskerrak animatu ziren. Gainera, 26 arratsaldean, kongresuaren egitarauetik kanpo, mahai-inguru bat antolatu zuten Mapuzuguletuaiñ-ekoek katalanekin eta gurekin, mapuzugun hiztunak autonomiak hizkuntza politikan izan dezaken eraginaren inguruan hausnartzera bultzatzeko. Hitzaldia ordu bete berandu hasi zen poliziak kalean zeudelako manifestariak atxilotzen, baina hori beste kontu bat da. Edo ez.
Santiagoko ekitaldian, berriz, 50 lagun inguru, giro akademikoagoa, eta agian neke eta beroarengatik, parte-hartze gutxiago egon ziren. Nabarmentzekoa da Santiagon jatorrizko herrietako komunitateak bizi direla eta hiriburuko maputxe eta rapa nuiak joan zirela kongresura. Nabarmentzekoa da, era berean, Kultura, Arte eta Ondare ministroa, Consuelo Valdés andrea, joan zela Santiagoko irekierara, eta berak aitortu zuen bezala, “herriak aldarrikapen batzuk egin ditu eta gure lana da horiek entzutea, baita hizkuntza-politikan ere”. “Estallido social” delakoaz geroztik, hots, urriaren 14tik, egiten zuen bigarren agerraldi publikoa zuen eta horrek gai honetan zeukan bere interesa adierazten du, behintzat.
Aste lanpetua izan genuen arren, asko ikasi dugu Txileko egoerari buruz eta hizkuntzen biziberritzean ari diren hainbat eta hainbat lagun ezagutzeko aukera ere izan dugu. Kopuru aldetik zein ehunekoetan, hizkuntza gutxitu bat mintzo duten txiletar hiritarrak gutxi dira, eta horietatik gehienak maputxeak dira. Aukera izan dugu maputxe eta euskaldunon arteko harremanean are gehiago sakontzeko eta ezagutu gabe genituen beste herri batzuekin lehen trukeak egiteko, sirena hots artean.