Gizarte Egutegiak Bilboko gizarte agenda biltzen du (erakusketak, jaialdiak, hitzaldiak, tailerrak, topaketak…), elkarteek euren jarduna herritarrei hurbiltzeko asmoz. Formatu txikian, poltsikorako moduan, biltzen dira hilabetez-hilabete elkarteetako zita garrantzitsuenak batetik eta, bestetik, elkarte bat nabarmentzen da hilabetero bere lana ezagutarazteko. Ekimenak hiru helburu argi ditu:
- Hiriko elkarte eta kolektiboen gizarte-izaerako jarduerak jakitera ematea, zabalpenerako baliabide gutxien dituzten elkarte eta kolektiboenak lehenetsita.
- Kolektibo horiek zabaldu eta jakitera ematea, elkarteetako jarduera hiri osora zabalduta.
- Bilboko elkartegintzak garatutako programak zabaltzen laguntzea.
Hain zuzen ere, UNESCOk 2019 urtea Hizkuntza Indigenen Nazioarteko urte izendatu duenez, Garabide izan da urtarrilean aurkeztutako elkartea. Ekimen honi esker Garabiden jorratzen dugun hizkuntza lankidetza ezagutarazi nahi izan dugu ekintzez bete-bete datorkigun urte berriari hasiera paregabea emateko.
Gizarte Egutegia Bilboko 900 elkarteen artean banatzeaz gain, gazteen informazio-guneetara, barrutiko 24 udaltegietara, 15 liburutegietara eta beste hainbat erakundetara ere helarazten da. Horrez gain, debalde poltsikoratzeko moduan aurkituko duzu kafetegi, taberna, jatetxe, antzoki eta merkataritza guneetan.