2020 urtean zehar hasiera eman genion proiektu honek martxan dirau eta Garabide Elkarteak duen ardatz estrategiko bati erantzuten dio. Hain zuzen ere, euskal lankidetzan hizkuntza lankidetza lantzea eta herri modura egiten dugun lankidetzak munduko herrien hizkuntzetan zer eragin duen hausnartu nahi dugu proiektu honen eskutik. Izan ere, Garabideren helburuetako bat da lankidetzan jarduten duten eragile eta instituzioek hizkuntzak eta kulturak kontuan hartu ditzatela haien proiektuen baitan, eta batez ere gutxituak dauden hizkuntzak.
Helburu horiek lortu asmoz Eusko Jaurlaritzaren baitan Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia (GLEA) eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin (HPS) batera ikerketa proiektu hau diseinatu da. Proiektu honen helburua Garapenerako Euskal Lankidetza erakundeen analisia eta diagnostikoa egitea da, lankidetza mota ezberdinen arteko ikuspegi integratua kontua harturik. Lankidetzan diharduten euskal erakundeek nolako eskarmentuak dituzten eta zein diren beren asmoak era sistematikoan ezagutzea izan da asmoa, betiere lankidetzaren alor sozioekonomikoa eta alor kultural-linguistikoa modu integratuan ulertu, jorratu eta garatzearen ikuspuntutik.
Horretarako hainbat faseko ikerketa prestatu da eta 2020 urte bukaeran hasiera eman zitzaion lehen faseari. Ikerketaren hasiera horretan ikerketa kuantitatibo bat egin zen egoeraren diagnostiko oso bat lortze aldera. Esan bezala, 2021 urtean ere proiektuak aurrera jarraitzen du, eta Garabiden ilusio handiarekin begiratzen diogu proiektu honek eman ditzakeen emaitzei.