2010eko apirila. Nazio Batuen Erakundean New Yorken egin den Gai Indigenetarako bederatziagarren Batzar Orokorrean izan gara Garabideko kideak euskararen esperientziaren berri ematen.
Atera berri dugun Euskararen berreskuratzea: hizkuntzak biziberritzeko gako batzuk izeneko DVD-liburuxka ezagutarazteko eta haren bidez Euskal Herriaren eta gure hizkuntzaren berri emateko baliatu dugu egonaldia. Eta oso harrera ona egin digute.
Iaz baino partaide gutxiagorekin abiatu zen aurten bederatzigarren Batzar Orokorra. Islandiako sumendiaren eraginak nabariak ziren NBEko bilera gela nagusian, Afrika eta Asiako herrietako ordezkari gehienek Europa erdialdeko aireportuetan egin behar zutenez eskala, asko eta asko ezin iritsirik geratu ziren eta areto nagusia erdi hutsik egon zen lehen astean.
Garabideren jarduna ere baldintzatu dute abioiez ibiltzeko oztopoek. Izan ere lehen bi egunetan egin zituzten aurtengo gai bereziari, -Herri indigenen garapen identitario eta kulturala- eskainitako tarte nagusiak eta ondorioz, batzar orokorrean parte hartu eta gure hitzaldia emateko aukerarik onena galdu egin genuen. Nolanahi, Foroaren bigarren asterako hezkuntzaren inguruko gaiak aztertzeko tartean bai izan dugu gure mezua batzarrari irakurtzeko aukera.
Garabidekook ez ezik gainerako herrietako hainbat ordezkarik ere zailtasuna izan dute hitza hartzeko, tarte gutxiago izan direlako, eta lehentasuna gobernuen ordezkariei eman dietelako. Berbarako, giza eskubideen ataleko eztabaidan parte hartzeko izena emanda zuten hirurogei erakundeetatik hamabostek baino ez zuten aukera izan. Protesta formala izan da.
Bilerak 50 erakunderekin
Liburuaren ale ezberdinak eskutan, berrogeita hamar elkarte ingururekin hitz egin dugu. Ahalegin berezia egin dugu ingeles hiztunen artean gure esperientzia zabaltzeko, ipar Ameriketako, Asiako eta Afrikako herrietara hedatzeko. Garabidek orain arteko hartu-eman gehienak Hego Amerikako gazteleraren eremuko herriekin izan du, eta munduko beste herri indigenen errealitateak hobeto ezagutzen hasteko sasoia bada. Agian baita esperientzien trukaketarako antolatu ohi ditugun programetan ingelesaren eremuko hizkuntza gutxiagotuak ere gonbidatzeko.
Orokorrean jendeak harrera ona egin dio eskainitako materialari eta liburuari. Ingeles hiztunen artean (Vietnam, Taiwan, India, Hawaii,…) jende jatorra eta interesatua topatu dugu oso.
Orokorrean gainera mendebaldeko bizimodua ezagutu dutenak dira, beste herri pobretu batzuetan dituzten behar oinarrizkoenak asetuak dituztenak, eta agian horren ondorioz, hizkuntzaren galera lehen mailako gaitzat har dezaketenak; baina aldi berean auto-estimu handia dutenak, eta euren hizkuntzak gizarte modernoan ere txertatzeko arazorik ikusten ez dutenak.
Liburuaren aurkezpenerako bilera
Zortzi-hamar lagun inguru elkartu ginen, dozena erdi bat herrietako ordezkariak, ikerlari pare bat eta Espainiako Kanpo Ministerioko AECIDeko arduradunetako bat. Garabide eta Euskal Herria aurkeztu ondotik pelikula ikusi eta beronen inguruko hausnarketa egiteko eztabaida guneak sortu genituen.
Dokumentalak inpaktu ona sortu zuen entzuleengan. Euretariko batzuek ez zuten Euskal Herriaren berri eta harrituta geratu ziren. Gure prozesua inspiratzailea eta lagungarria zela aitortu zuten guztiek. DVDaren formatua ere argia eta lagungarri ikusi zuten, eskematikoa eta ona. Zoriondu egin gintuzten eta bakoitzak ale dezente jaso zituen batzuei eta besteei banatzeko.
Zalantza agertu zuten, hala ere, gure prozesutik eurek jaso eta ikasi dezaketenaren inguruan, ez direla egoera berberak, baldintza ekonomikoak, aldaketa dialektalak… Argi utzi nahi izan genien guk ez genuela gure esperientzia erakusten kopiatua izan dadin eta herri bakoitzak ikusiko duela zer izan dezakeen baliagarri eta zer ez.